Ekonomia -

Alkateen Nazioarteko Foroa

Eraldaketa jasangarriaren eredu da Bilbo, Singapurren hitzetan

Bertako ministroak, gainera, eguzkia kontrolatzeko gaitasunarekin txantxa egin du. 54 hiritako 250 ordezkari bilduta, ''azken 30 urteotako" nazioarteko ekitaldirik garrantzitsuena da Bilbon.

Alkateen Nazioarteko Foroaren inaugurazioa Bilbon. EFE
Alkateen Nazioarteko Foroaren inaugurazioa Bilbon.
Kigali, Sao Paulo eta Bilbao, hirien garapenaren adibide

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurten Euskadin izango den nazioarteko zita garrantzitsuenetako bat abiatu da ostegun honetan Bilbon: Alkateen Nazioarteko Foroa.

Khaw Boon Wan Singapurreko Garapen ministro eta World Cities Summit Mayors Forumeko presidenteak ireki du mundu mailako alkateen bilera, eta, bere hitzaldian, ''eraldaketa jasangarriaren eredu'' gisa aurkeztu du Bilbo.

Larunbata arte, mundu osoko 54 hiritako 250 ordezkarik etorkizuneko erronkak aztertuko dituzte Bizkaiko hiriburuan, hiriak jasangarriagoak izan daitezen. Laugarren edizioa du ekimenak aurtengoa, eta, estreinakoz egiten ari dira Singapurretik kanpo.

Foroaren presidentearen hitzetan, ''hirigunea errealitate moderno eta jasangarri egiteko gaitasunaren eredu dira Singapur eta Bilbo'', eta ''biek inportatu dituzte hazkunde sustatzeko irtenbideak''.

''Ez bakarrik jasangarritasun mailan, baita maila ekonomikoan ere. Singapurren hiritar baino lanpostu gehiago daude. Giza baliabideak inportatu behar ditugu, hiriak aurrera egin dezan'', gaineratu du.

Ministroaren hitzetan, bestalde, krisiarekin batera zabaldu egin ohi dira etorkinak eta atzerriko langileak hartzeko kontrako jarrerak, baina, Singapurreko ordezkariaren aburuz, ''jarrera horiek antiglobalizazioa badakarte, mundua pobreagoa izango da''.

Eguzkia kontrolatzeko gaitasuna

Ministroak, bestalde, ''eguraldia kontrolatzeko'' Bilbok duen gaitasunarekin txantxa egin du. Hala, Bilbora iristean atzo izandako eguzkiaren ondoren gaur, lan egiteko, euria nagusi izan dela azpimarratu du.

''Esperientzia iturri''

Foroaren irekiera ekitaldian, Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko alkateordeak eman die ongietorria bertan bildutako alkateei, gaixotasuna dela-eta Iñaki Azkuna Bilboko alkateak ez baitu bertan egoterik izan.

Bengoetxeak esan duenez, foroan egiten dena ''inspirazio eta esperientzia iturri eta 2050eko hirien ikuspuntu berriari aurre egiteko lagungarri'' izango da. Bengoetxeak gogoratu duenez, munduko herritarren % 80 hirietan biziko da urte horretan, eta, horren aurrean ''mundu mailako hiri diplomazia'' defendatu du Bilboko Udaleko ordezkariak. Horren esanetan, ''hirien, alkateen eta enpresen arteko harramenek'' osatuko dute diplomazia berri hori.

Arratsaldean, berriz, harrera egin die Udalak ekimenean parte hartzen duten hirietako ordezkariei, eta ohiko familia argazkia egin dute udaletxeko Arabiar Aretoan.

''Azken 30 urteotako'' ekitaldi nagusienetako bat

Andoni Aldekoa Bilboko Alkatetzako ordezkariak adierazi duenez, Alkateen Foroa Bizkaiko hiriburuak "azken 20-30 urteetan" izan duen nazioarteko ekitaldi garrantzitsuena izango da. Horrenbestez, bisitariekin "atseginak eta abegitsuak" izateko deia egin die herritarrei.

Besteak beste, hiri hauek hartuko dute parte gaur hasiko den foroan: Houston (AEB), Mosku (Errusia), Lurmutur Hiria (Hegoafrika), Puebla (Mexiko), Tunis (Tunisia), Kairo (Egipto), Perth (Australia), Buenos Aires (Argentina), Batam (Indonesia), Barranquilla (Kolonbia), Kinshasa (Kongo), Quezon City (Filipinak), Jakarta (Indonesia), Tashkent (Uzbekistan), Busan (Hego Korea), Sao Paulo (Brasil) eta Qatarko Estatua eta Saudi Arabiako Erresuma.

Espainiako Estatutik, Madril, Bartzelona, Coruña eta Santander izango dira.

Jatorriari begiratuta, hirien erdiak (26) Asiakoak dira. Ondoren, Ipar Amerika (10), Afrika (6), Europa (6) eta Ozeania (2) daude.

Programa

Gaur, "erronka komunak" aztertuko dituzte udal ordezkariek. Horretarako, Bilboko garapena eta beste hainbat hiritako adibide zehatzak azalduko dituzte.

Bihar, "konponbide partekatuak" aztertuko dituzte, eta enpresen arteko goi-bilera bat egingo dute. Euskal enpresa nagusiek hartuko dute parte bertan: BBVA, CAF, Gerdau Sidenor, Iberdrola, Ibermatica, Idom, Ingeteam, LKS, Mondragon Korporazioa, Ormazabal, Sener, Tecnalia eta Telvent.

Ekitaldia berez larunbatean bukatuko da, baina itxiera ekitaldia ostiralean egingo dute, eta Asturiasko printzea eta Iñigo Urkullu lehendakaria ere bertan izango dira.

Larunbatean, 35 eta 45 urte arteko udal buruzagien topaketa bat egingo dute.

Bilboko leku ospetsuenetako batzuetan egingo dituzte ekitaldiak. Adibidez, udaletxean harrera egingo dute; Guggenheim museoan, afaria, eta Alondegian, lan-bilerak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea