Ekonomia -
Murrizketak
ERT irrati-telebista publikoa itxi du Greziako Gobernuak
ERTko langileek telebistako eta irratiko estudioak hartu dituzte eta egoera aztertzen ari dira.
Erredakzioa
ERT irrati-telebista publikoa gaur itxiko dutela iragarri du Greziako Gobernuak, Simos Kedikoglu Exekutiboko bozeramaileak azaldu duenez.
"ERT desagertu egingo da gaueko programazioa bukatu ostean. Langile gutxiago izango dituen erakunde publiko moderno batek ordezkatuko du", adierazi du Kedikogluk.
ERTko langileak kaleratuko dituztela iragarri du bozeramaileak, eta dagozkien kalte-ordainak jasoko dituztela erantsi du.
Erakunde berrian lan egin nahi duten langileek hautagaitza aurkeztu ahal izango dute, azaldu du bozeramaileak xehetasun gehiagorik eman gabe.
Gobernuaren iturriak aipatuz komunikabide lokalek jakitera eman dutenez, erakunde berriak 700 langile izango ditu. Irrati-telebista publikoak 2.600 langile ditu gaur egun.
ERTko langileek telebistako eta irratiko estudioak hartu dituzte eta egoera aztertzen ari dira. Yorgos Savidis Greziako prentsaren elkarteko presidenteak grebarako deialdia egin du.