Ekonomia -
Bankiako lehentasunezkoak
Bankiako lehentasunezkoen kaltedunak dirua berreskuratzen hasi dira
Kontsumoko Arbitraje Batzordeak banku horren lehentasunezko akzioen inguruko 21 laudo eman ditu, eta kaltedunek egindako inbertsio osoa berreskuratuko dute.
Erredakzioa
Bankiako lehentasunezko akzioen eta menpeko zorren inguruko prozesuaren baitan, Kontsumoko Arbitraje Batzordeak 21 laudo eman ditu. Horien arabera, inbertsioa egin dutenek diru osoa berreskuratu ahal izango dute.
Ohar batean, Bankiak azaldu du emandako 21 laudoetatik, 6 Madrilgo Erkidegokoak direla eta 15 Valentzia Erkidegokoak.
Bankuak gaineratu duenez, aurrerantzean Espainiako Estatuan kaltetutako bezero guztiei dagozkien ebazpenak emango dituzte.
Atzora arte, Bankiak 104.567 arbitraje-eskaera jaso zituen, prozesua apirilaren 18an abiatu zutenetik.
Kontsumorako Arbitraje Batzordeko teknikariak 59.630 eskaera ari dira ikertzen. Prozesuaren jarraipena egiteko sortutako batzordeak ezarritako irizpideei jarraituz, balorazio txosten bat egin beharko dute, aurkeztutako eskari horiek guztiek prozesuan parte-hartzeko baldintzak betetzen dituzten edo ez zehazteko.
Gainera, 3.117 eskari akordioa sinatzeko eta Kontsumoko Arbitraje Batzordeari bidaltzeko zain daude.
Bankiako lehentasunezko akzioak dituzten bezeroek ekainaren 30era arte dute arbitraje-prozesuan parte hartzeko eskariak aurkezteko.