Ekonomia -

Apirileko datuak

Euroguneko langabezia tasa % 12,2koa da, inoizko altuena

Europar Batasunean guztira 26,58 milioi langabe zenbatu dituzte apirilean, horien artean 19,37 milioi eurogunea osatzen duten 17 herrialdeetakoak dira.

Oficina de Lanbide. Foto: EiTB
Oficina de Lanbide. Foto: EiTB
Euroguneko langabezia tasa % 12,2koa da, inoiz izan den altuena

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko langabe kopuruak hamarren bat egin du gora apirilean aurreko hilabetearekin alderatuz gero, eta langabezia tasak errekor berri bat gainditu du, % 12,2n kokatu da, Eurostat estatistika agentziak kaleratu duenez.

Europar Batasuneko langabezia tasa, berriz, % 11n mantendu da eta Espainiakoa hamarren bat igo eta % 26,8n kokatu da.

Greziak (% 27), Espainiak (% 26,8) eta Portugalek (% 17,8) dute langabezia tasarik handiena. Austria (% 4,9), Alemania (% 5,4) eta Luxenburgo (% 5,6), berriz, langabe kopuru txikiena duten herrialdeak dira.

Eurostaten arabera, langabeziak nabarmen egin du gora joan den urteko apirilarekin alderatuta, % 11,2n kokatu zen orduan euroguneko tasa eta % 10,3an Europar Batasunean.

Apirilean guztira 26,8 milioi langabe zenbatu ziren Europar Batasunean; horien artean, 19,37 milioi eurogunea osatzen duten 17 herrialdeetan bizi dira. Hala, martxotik 104.000 eta 95.000 pertsona geratu dira lanik gabe Europar Batasunean eta eurogunean, hurrenez hurren.

Gazteen arteko langabezia hamarren bat igo da bai eurogunean (% 24,4) baita Europar Batasunean (% 23,5) ere. Espainian, berriz, lau hamarren egin du gora; % 56,4n kokatu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea