Ekonomia -

Bilera sorta

Jarrera hurbilak EAJk eta PPk, erreforma fiskalaren epe eta edukietan

"Ez gaude baikor, ezta ezkor ere. Proposamen orokorrak ezagutzen ditugu, eta orain zehatzera jo behar dugu'', esan du Anton Damboreneak.

EAJk PPrekin hasi du bilera-sorta

2:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erreforma fiskala jorratzeko bilera egin dute astearte honetan EAJk eta PPk Bilbon, jeltzaleen egoitzan, eta, bertan, erreforma horren eduki orokorren eta epeen inguruan jarrera hurbilak dituztela egiaztatu ahal izan dute bi alderdiek. Erreformaren inguruan ekainean akordioa lortzea eta lurralde bakoitzeko Batzar Nagusietan jorratzea da helburua, urtarrilaren 1ean indarrean egon dadin.

Ordu bat eta erdiz batzartu dira Anton Damborenea eta Juan Antonio Zarate PPko kideak eta Jose Maria Iruarrizaga eta Pilar Garcia de Salazar, EAJko ordezkariak.

Bileraren ondoren, Damboreneak kazetariei azaldu dienez, fiskalitatea jorratzeko EAJrekin egin duten hirugarren batzarra izan da gaurkoa, eta, bertan, ''gai orokor'' batzuetan ''bat etorri'' direla iragarri du. Beste batzuetan, aldiz, ''ez hainbeste''.

"Ez gaude baikor, ezta ezkor ere. Proposamen orokorrak ezagutzen ditugu eta orain zehatzera jo behar dugu, akordioren bat lortzeko aukerarik dugun ikusteko'', esan du.

Oraindik ez dute beste bilera bat egiteko datarik zehaztu.

Bat-etortzeak

PPko kideak azaldu du hainbat neurritan bat etorri direla, tartean etxebizitza erosteagatik ezarritako kenkariari eusteko beharrean eta PFEZn aldaketak ezartzean. Ildo horretan, ados daude urtean 65.000 euro baino gehiagoko errenten tarte bakoitzari zerga maila puntu bat igotzean.

Damboreneak, halaber, 40.000 euro baino gutxiagoko errentadunei zerga puntu bat jaistea eta autonomoek egindako inbertsioei % 20ko kenkaria ezartzea proposatu du. Bestalde, enplegua sortzera bideratutako enpresen etekinei hobari fiskala eskaintzea ere jarri du mahai gainean PPk.

Desadostasunak

Errenta irregularren arloan, berriz, ''nahaspila dezente'' dutela aitortu du PPk. Damboreneak esan duenez, errenta irregularrak ''ez dira bakarrik futbol eta saskibaloi jokalarienak, eta lan errentatik haratago doaz''. Beraz, egin beharreko lehen lana errenta hauei ezarri beharreko ''eredua'' adostea da, PPren ustez.

Ogasunetako datu basek konektatzeko proposamena

Iruzur fiskalari aurre egiteko neurri gisa hiru lurraldeetako Ogasun sailetako datu baseak denbora errealean elkarrekin konektatzeko proposamenaren inguruan, Damboreneak esan du lehen neurria ikuskatzaileen bilera izan behar dela, eraginkortasun maila handiagoa lortzeko zer behar duten zehaztu dezaten.

Edonola ere, PPko ordezkariak esan du ez duela ''ulertzen'' Arabako Aldundiak, ''berez eta hala delako'', Bizkaiko, Gipuzkoako edo Guadalajarako zergadun baten datuetara sarbidea izatea. ''Horrek sistema garestitu egiten du, ezertarako ere ez'', gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea