Ekonomia -
Floridako banku baten erosketa
Caja Madrideko presidente ohiak lehen gaua igaro du kartzelan
Elpidio Jose Silva epaileak 2,5 milioi euroko bermea ezarri zion, eta Miguel Blesaren senideak eta lagunak hori bildu nahian ari dira.
Erredakzioa
Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohiak lehen gaua pasatu du kartzelan. Elpidio Jose Silva 3. instrukzio epaitegiko epaileak behin-behineko kartzelaldia ezarri zion atzo, City National Bank of Florida bankuaren erosketan izandako ustezko irregulartasunengatik.
Blesak zazpi ordu inguru egin zituen epaitegietan, harik eta guardia zibilak 20:30 inguruan haren bila joan ziren arte.
Elpidio Jose Silva epaileak 2,5 milioi euroko bermea jarri zion Blesari, eta haren senideak eta lagunak hori bildu nahian dabiltza, kartzelaldia saihestu dezan.
Kasuko epaileak zentzugabetzat jo du, "tsunami ekonomiko" garaian, Caja Madridek Floridako banku hori erosi izana. Horren ustez, ez zuten baldintza klimatologikoek eragin "ekaitz perfektua", eta Miguel Blesa presidente ohiari leporatu dio horren ardura.
Epaileak kriminalitate zantzu "nabarmenak" ikusten ditu Miguel Blesaren jokabidean, eta delitu sozietarioa eta kudeaketa desleiala ez ezik, bidegabe diruaz jabetzea eta dokumentu publikoak faltsutzea ere egotzi dio.
Erabakia hartzeko, Espainiako Bankuak egindako txostena hartu du aintzat Silva epaileak. Horren arabera, Floridako banku hori erosteak 500 milioi euroko galerak eragin zituen Caja Madriden.