Ekonomia -
Bilera Ajuria Enean
Jaurlaritzak eta aldundiek berrindartze egitasmo bera bultzatuko dute
Defizitaren balizko malgutasuna oinarri hartuta, "200-300 milioi euroko'' fondo bat sortzeko akordioa lortu dute. Jaurlaritzak % 70 hartuko luke bere gain.
Erredakzioa
Enplegua sortzeko eta ekonomia berrindartzeko egitasmo bera bultzatzea adostu dute asteazken honetan Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek eta Eudelek, Ajuria Enean egin duten bileran. Defizitaren helburuak erlaxatzen direnean sortutako fondoekin finantzatuko litzateke plana.
Erakunde guztiek ''elkarrekin'' lan egitea adostu dutela adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, bilera bukatuta erakunde ezberdinetako ordezkariek, banan-banan, eman duen prentsaurrekoan. Erkorekak erakunde ezberdinek agertutako jarrera ''positibo eta konstruktiboa'' azpimarratu du, eta egungoa ''unerik gogorrena'' dela bat egiten dutela esan du. Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, bost erakundeek egitasmo ''bateratua'' abiatzea adostu dute, horretarako defizitaren malgutasun batek ekar dezakeen gasturako gaitasun handiagoa baliatuz.
Aurretik, defizitaren balizko malgutasun hori oinarri hartuta fondo bat sortzeko akordioa lortu dutela iragarri du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, prentsaurrekoan. Bilbaok azaldu duenez, fondo berria lanpostuak sortzeko eta ekonomia suspertzeko inbertsio proiektuetan erabiliko dute, eta "200-300 milioi eurokoa" izan daiteke, azpiegituretara, berrikountzara eta enplegura bideratzeko. Malgutasun hori banatzeko orduan, Eusko Jaurlaritzak % 70 bere gain hartuko luke eta aldundiek gainerako % 30a. "Bizi dugun testuingururako akordio garrantzitsua lortu dugu", azpimarratu du Bizkaiko ahaldun nagusiak.
Garitanok erreparoak agertu ditu, baina egitasmoa diseinatzeko orduan elkarlanaren aldeko apustua egin dela onartu du. Hala ere, zergak bezalako gai garrantzitsuetan akordioa eta eztabaida falta izan direla esan du Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Garitanoren hitzetan, "larrialdi plan" bat eta "iruzur fiskalaren aurka borroka egiteko" egitasmo bat martxan jartzea ezinbestekoa da. "Baina horren inguruan ez da hitz egin", kritikatu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak. "Defizitaren malgutasunetik atera daitekeen diruaren banaketaz soilik" mintzatu direla ziurtatu du. Zentzu horretan, arratsaldeko bileran hartutakoa "akordioa baino erabakia" izan dela esan du.
Aldundiek ere defizit gehigarri bat izatea eskatu du gaur Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak. "Erregimen amankomuneko aldundi bat bezala ezin digute hartu, defizit gaitasun bat izan behar dugu. Aldundiek defizit gehigarri bat izatea proposatu dut", azaldu du De Andresek prentsaurrekoan, lehenkariarekin, Eudeleko presidentearekin eta beste bi ahaldunekin bilera amaitu ostean.
Ahaldun nagusiek egoera ekonomikoaren diagnostiko berdina egin dutela ziurtatu du De Andresek, eta lehendakariak proiektuen inguruko zenbait gai planteatu dizkiela azaldu du. Arabako ahaldun nagusiak aurreratu duenez, eztabaidatu diren zenbait formulek "finantza arazo batzuk konpontzen dituzte, eta hori pozik egoteko modukoa da".
Bilera Ajuria Enean
EAEko ekonomia suspertzeko eta lanpostuak sortzeko ekimenak aurrera ateratzeko laguntza eskatzea zen Iñigo Urkullu lehendakariaren asmoa Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko ahaldun nagusiekin egin duen bileran. Ajuria Enean egin dute bilera, eta bertan izan dira Martin Garitano (Bildu), Jose Luis Bilbao (EAJ) eta Javier De Andres (PP) ahaldun nagusiak eta Ibone Bengoetxea (EAJ) Eudeleko presidentea. Hitzorduaren helburua itun ekonomiko bat lortzea zen, autogobernua eta bakegintza alde batera utzita.
Bilera sorta
Halaber, Urkulluren Gobernuari egonkortasuna emateko akordio bat lortu eta Eusko Legebiltzarreko gutxiengoa gainditzeko, datorren astean beste bilera bat egingo du lehendakariak, baina Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariekin (EAJ, EH Bildu, PSE, PP eta UPyD) bilduko da orduan.