Ekonomia -
Ezberdintasunak
Zergatik ematen dira langabeziaren inguruko datu hain ezberdinak?
Bi estatistika daude langabeziaren datuak neurtzeko, batetik Biztanleria Aktiboaren Inkesta, eta bestetik, Espainiako Enplegu Ministerioaren datuak.
Erredakzioa
Espainiako Enplegu Ministerioak argitaratu berri dituen datuen arabera, Espainian, 4.989.193 langabe daude guztira 2013ko apirilean, hau da, bost milioiko mugatik jaitsi da langabezia-tasa.
Lehengo astean, ordea, Espainiak lehen aldiz 6 milioi langabeko muga gainditu zuela jakin genuen. Zehazki, 2013ko lehen hiruhilekoko datuak ziren Espainiako Estatistika Institutuak Biztanleria Aktiboaren Inkestaren bidez lehengo ostegunean argitaratutakoak.
Bien arteko ezberdintasuna milioi batekoa da; zergatik dira bi datuak hain ezberdinak?
Enplegu Zerbitzuak Inem Espainiako enplegu institutua zenaren bulegoetan erregistratutako lagunen kopurua hartzen du kontuan, eta horren arabera, hainbat pertsona zerrenda horretatik at geratzen dira. Besteak beste, Enplegu Zerbitzu Publikoen formazio ikastaroren bat egiten ari direnak eta ikasketak amaitu eta lehen enplegua bilatzen ari direnak kanpo geratzen dira. Halaber, nekazaritzako diru-laguntza jasotzen dutenak (aldi baterako lana dute) ere erregistro honetatik at geratzen dira.
Hortaz, langabe guztiek ez dute Enplegu Zerbitzu Publikoen bulegoetan izena ematen.
Biztanleria Aktiboaren Inkesta, ordea, telefonoz egindako inkesta da eta elkarrizketatuen erantzunak hartzen dira kontuan. Era honetan, 16 eta 74 urte arteko eta bi baldintza betetzen dituzten lagunak hartzen dira langabe gisa: batetik, inkesta egiten den eguna aintzat hartuta aurreko astean lanik ez izatea, hau da, ez soldatako langile ezta langile autonomo izatea; eta bestetik, gutxienez lau astez lana bilatzen egotea eta hurrengo bi asteetan lan eskaintza bat onartzeko prest egotea.