Ekonomia -
Galerak atzean utzi ditu
Gamesa konpainiak zazpi milioiko mozkina lortu du lehen hiruhilekoan
Aurreneko hiruhilekoan gastu finkoa % 26 murriztu dutela goraipatu du enpresak, "langileen kopurua moldatu" eta 15 lantegi itxi eta gero.
Erredakzioa
Gamesa konpainiak zazpi milioi euro irabazi zituen urteko lehen hiruhilekoan, enpresak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari gaur igorritako informazioaren arabera. 2012ko epe berdinean 21 milioi euroko galerak izan zituen enpresak.
Hala ere, urteko lehen hiru hilabeteetan salmentek % 12 behera egin dute, 491 milioi eurotan kokatu arte. Datua "salneurrien presioaren eta ekintzaren beherakadaren" testuinguruan kokatu du konpainiak.
Operazio eta mantentzen-lan arloaren emaitza goraipatu du konpainiak; izan ere, esparruko salmentek % 18 gora egin dute.
Era berean, lehen hiruhilekoan gastu finkoak % 26 murriztu dituztela goraipatu du enpresak, "langileen kopurua moldatu" (Espainian 330 langileri eragin dion lan-erregulazio txostena onartuta) ,15 lantegi itxi eta logistika zentro bat sortu eta gero.