Ekonomia -
2013. urterako Aurrekontuak
Aurrekontuak berriz diseinatzea proposatu du lehendakariak
Jaurlaritzak aurrekontu proiektua erretiratu eta beste bat egitea aztertuko du, segur aski Bruselak Espainiaren defizit helburua malgutuko duelako.
D.P.
Iñigo Urkullu lehendakariak 2013. urterako aurrekontu proiektua berriz diseinatzea proposatu du, segur aski Europar Batasunak defizit helburua malgutuko duelako, eta horrek baliabide gehiago izatea ekarriko lukeelako.
Bruselan Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearekin batzartu eta gero, Urkulluk ezohiko Gobernu Kontseilua deitu du ostegun honetarako, aurrekontu proiektuarekin zer egin erabakitzeko.
"Atzo eta gaur, Aurrekontuak berriz diseinatzea merezi duela pentsatzeko datuak ikusi ditugu [...]. Hori da biharko Gobernu Kontseiluan aztertu nahi dudana", adierazi du.
Urkulluren esanetan, baliteke "Europar Batasun osoan eta Espainiako Estatuan" malgutzea, eta, ondorioz, Espainiako Gobernuak beste helburu batzuk zehaztea, erkidegoz erkidego.
Hasiera batean, Eusko Legebiltzarrak ostiral honetan egin behar zuen osoko zuzenketen eztabaida, baina saio hori bertan behera utziko dute.
Atzo, lehendakaria Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin batzartu zen, eta Espainiaren defizit helburua malgutzeko prest ikusi zuen.
Europak maiatzaren 29a baino lehen erabakiko du defizit helburua malgutu edo ez.
Aurrekontuen luzapena
Urkulluk azaldu duenez, Jaurlaritza iazko aurrekontuak luzatuta ari da lanean urtarriletik, eta, hortaz, ez du gaizki ikusten "aste batzuk gehiago" jarraitzea horrela, hots, Europar Batasunak defizita malgutu arte, horrek "baliabide gehiago" ekarriko dituelako.
Lehendakariak akordioa lortzeko "borondaterik" ez izatea egotzi die oposizioko taldeei, bereziki PSE-EEri eta PPri, eta "atzo arte erantzukizun instituzionalak" zituztela gogorarazi die.
Gobernuburuaren esanetan, Jaurlaritzak ez ditu gainditu alderdi horiek ezarritako "marra gorriak", eta, gainera, legegintzaldi osorako akordio bat eskaini die. "Antza denez, une honetan EAJ zigortzea da helburu bakarra", deitoratu du.
Eta orain, zer?
Lehendakaritzatik zehaztu dutenez, defizit helburua laster malgutuko balute, Jaurlaritzak aurrekontuak berriz diseinatu ahalko lituzke, baliabide ekonomiko gehiagorekin.
Dena dela, defizit muga berria uztailean jakinaraziko balute, Gasteizko Gobernuak ez luke denbora nahikorik izango kontu berriak egiteko.
Kasu horretan, Jaurlaritzak iazko aurrekontuak luzatuko lituzke, urteko lehen hilabeteetan egiten ari den moduan.
Bi urte gehiago, defizit helburua betetzeko
Europako Batzordeak beste bi urte eman liezazkioke Mariano Rajoyren Gobernuari, defizit helburua betetzeko.
Espainiak defizit muga malgutzea lortuko balu, baliteke Rajoyren Exekutiboak erkidegoei ere ematea arnasa. Euskadiren kasuan, defizit helburua malgutzen den hamarren bakoitzeko, Jaurlaritzak 66 milioi euro gehiago izango ditu inbertsioak egiteko.
Orain, Espainiak % 4,5eko defizit helburua du urte honetarako, eta % 3koa 2014. urterako, baina Rajoyren Gobernuak aurtengo helburu berria % 6koa izatea espero du. % 3ra jaisteko, 2016. urtera arteko epea izango luke.
Iaz, Espainiaren defizit publikoa % 10, 6koa izan zen, Eurostatek asteon jakinarazi duenez.
Bruselara egindako bidaia ''oso positiboa eta emankorra'' izan da, Urkulluren hitzetan
Azken bi egunotan Bruselara egindako bisita ''oso positiboa eta emankorra'' izan dela esan du Iñigo Urkulluk, lehendakari gisa egin duen lehen bidaia ofiziala bukatuta.
Europako agintariek ''oso jarrera irekia'' erakutsi dute Jaurlaritzaren buruak bere ''kezkak'' azaldu dizkienean, eta ''herritarrek politikaren aurrean duten mesfidantza'' eta ''hazkunde ekonomikoa bultzatzeko beharra'' nabarmendu dizkie Urkulluk EBko ordezkariei.
Jose Manuel Durao Barrosorekin, Cecilia Malmströmekin eta Joaquin Almuniarekin bildu zen Urkullu atzo, eta gaur, berriz, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearekin izan da.
Azken bilera horren ondoren egin dituen adierazpenetan, Urkulluk azaldu du ''Euskadiren egoera ekonomikoaz'' hitz egin diela Europako agintariei, eta ''Euskadik europar bokazioa'' duela nabarmendu diela, eta bokazio hori ''euskal nazionalitatea garatzearekin'' uztartu nahi duela.