Ekonomia -

Jaurlaritzaren Aurrekontuak

2013ko Aurrekontuak: Eusko Jaurlaritzaren hiru aukerak

Ostiralean, osoko zuzenketen bozketan, hiru gauza gerta daitezke: oposizioak Aurrekontuak itzularaztea, proiektuak aurrera egitea edo berdintzea.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean. EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean. EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean. EFE

Iker Gomez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak ezohiko osoko bilkura egingo du ostiral honetan oposizioak aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatzeko. EH Bilduk, PSEk, PPk eta UPyDk aurrekontuak atzera botatzea eskatuko dute. Osoko bilkuran bozketa bakarra egingo dute: Aurrekontuak Eusko Jaurlaritzari itzultzea ala ez bozkatu beharko dute taldeek, baina abstenitzeko aukera izango dute

Bozketaren emaitzak Urkulluren Exekutiboa hiru agertoki posible hauetakoren batean utziko du: Aurrekontuak itzultzea, aurrera egitea edo berdinketa posible bat.

Jaurlaritzak aurrekontuak itzultzea nola saihestu dezake?

Kontuak itzultzea saihesteko testuinguru zaila du Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarreko osaketa ikusita. EAJk 27 legebiltzarkide ditu, EH Bilduk 21, PSEk 16, PPk 10 eta UPyDk ordezkari bakarra du.

Bozketan, EH Bilduren eta PSEren edo PP eta PpyDren abstentzioa edo babesa beharko du Urkulluren Gobernuak Aurrekontuak aurrera ateratzeko. Baina zaila izango da; izan ere, talde politiko guztiek osoko zuzenketak defendatuko dituzte.

EH Bilduk eta PSEk Aurrekontuen aurka bozkatzen baldin badute, Urkulluren Exekutiboak PPren babesa eta UPyDren babesa edo abstentzioa beharko du nahi eta nahi ez. Era berean, PPk eta UPyDk kontuen aurkako botoa ematen baldin badute, sozialisten eta EH Bilduren aldeko botoa edo abstentzioa beharko luke Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzak bozketa gainditzen badu, zuzenketa partzialen txanda izango da. Azkenean aurrekontuen egitasmoa maiatzaren 10ean bozkatuko lukete.

Aurrekontuak itzultzea

2013ko aurrekontuak itzultzea legealdiko aurreneko porrot politiko handia izango litzateke Eusko Jaurlaritzarentzat. Oposizioak kontuak atzera botatzen baldin baditu, egitasmoa automatikoki bertan behera geratuko litzateke, eta EAJk aurrekontuen luzapena kudeatu beharko luke 2013an.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak bi bide har ditzake: Legebiltzarrean inolako babesik lortzen ez badu, Exekutiboak proiektua bertan behera utz dezake osoko bilkura hasi baino lehen, Ganberan porrota irudikatzea saihesteko.

Bestalde, Urkulluren Gobernuak Aurrekontu egitasmo berri bat egitea erabaki dezake, Legebiltzarrean bozketa galdu eta gero. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak bi aukera horiek, antza denez, ez ditu aintzat hartu.

Berdinketa egotekotan?

Eztabaida berdinketan amaitu daiteke, EAJk eta PPk aurrekontuen alde indarrak batzen baldin badituzte, eta EH Bilduk eta PSEk kontrako botoa ematen badute. UPyD abstenitu beharko litzateke. Kasu horretan, bozketa errepikatuko dute, eta berdinketa hirugarren bozketa batean ematen bada, kontuak ez lituzkete itzuliko.

Horrela izango da osoko bilkura

Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak egitasmoa aurkeztuko du osoko bilkuraren hasieran. Proiektua defendatzeko 30 minutu izango ditu.

Ondoren, talde politiko bakoitzak 30 minutu izango ditu aldeko edo kontrako argudioak azaltzeko. Erantzuteko txandek, aldiz, hamar minutuko iraupena izango dute.

Talde politiko guztiek hitz egin ostean, lege-proiektua Iñigo Urkulluren Gobernuari itzultzea bozkatuko dute. Alderdiek kontrako edo aldeko botoa emateko eta abstenitzeko aukera izango dute.

Exekutiboaren ekimenaren etorkizuna ezagutu eta gero, botoa azaltzeko bost minutuko txanda izango dute aurretik hitza hartzerik izan ez duten talde politikoek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea