Ekonomia -
San Mamesko sarbidea
Bilboko sarbide berria maiatzaren 18an zabalduko dute
Sabino Arana kalean dagoen sarbidea egun berean itxiko dute eta udan hasiko dira bidezubia eraisten.
Erredakzioa
A-8 autobideak Bilbon, San Mames parean, izango duen sarbide berria maiatzaren 18an zabalduko dute. Egun horretan bertan Sabino Arana kaleko sarbidea itxiko dute eta udan hasiko dira bidezubi hori eraisten.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak iragarri du bide berriak noiz jarriko dituzten martxan.
Bilbaok jakinarazi duenez, azpiegitura maiatzaren 18an zabaltzea erabaki dute, larunbata delako eta egun horretan Athleticek ez duelako partidarik.
Bilbora tunel batetik helduko dira gidariak, eta "hodi" baten bitartez egingo dute hirirako sarbidea, San Mames parean.
Udan hasiko dira Sabino Aranako bidezubia eraisten
San Mamesko sarbide berria zabalduko duten egunean, maiatzaren 18an, Sabino Aranako sarbidea itxiko dute.
Sabino Aranako bidezubia eraisteko lanak maiatzean esleituko dituzte, eta udan hasiko dira, Jose Luis bilbaoren esanetan.
Bidezubia botatzeko lanek zortzi hilabete inguru iraungo dute, ahaldun nagusiak azaldu duenez.
Bi erakundeak Juan de Garaytik A-8rako bidea berriz irekitzea aztertzen ari direla adierazi du Bilbaok, San Mamesko sarbideak Sabino Aranakoak baino ahalmen gutxiago duelako.