Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
PPk eta UPyDk Aurrekontuen alde bozkatuko dutela uste du Matutek
Aurrekontu proiektua "neoliberala eta atzeragarria" dela eta "eskuinak" baino ez duela babestuko esan du EH Bilduren legebiltzarkideak.
Erredakzioa
Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektu "neoliberala eta atzeragarriak" "eskuinaren babesa" jasoko du, hau da, PPk eta UPyDk babestuko dute.
PPk osoko zuzenketa aurkeztuko badu ere, Antonio Basagoitiren alderdiak akordioa lortu arte horren "printzipioak aldatu" egingo dituela kritikatu du Matutek.
Legebiltzarkide abertzalearen esanetan, EAJk azaldu egin beharko du zergatik akordioa lortzeko "ahaleginak" PPri eta UPyDri zuzenduta dauden.
Matutek "muga gorriak" zeharkatu izana egotzi dio Jaurlaritzari, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte laguntzen arloetan murrizketak egin baititu. Hori dela eta, EH Bilduk "ezin du" proiektua babestu, eta PSE-EEk "nekez" egingo duela dirudiela gaineratu du.
Greba orokorra
Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak maiatzaren 30erako deitutako greba orokorra-ri dagokionez, Alternatibako buruak ukatu egin du "gutizia" dela, eta langileek soldataren parte bati uko egingo diotela gogorarazi du.
Matuteren aburuz, greba orokorra egitea herritarren desengainua adierazteko modu onena da, eta "hobe litzateke" gainerako sindikatuek ere bat egitea. CCOOk eta UGTk bat egiten ez badute ere, hori ezin dela greba egiteko "oztopo" izan iritzi dio.