Ekonomia -
Elkarrizketa
Maiatzaren 30eko greba orokorra babestu du EH Bilduk
Indarrean diren politikak 'goitik behera' aldatzea, eta erabakiak Euskal Herritik Euskal Herriarentzat hartzea eskatu du Juanjo Agirrezabala EH Bilduko legebiltzarkideak.
Erredakzioa
Juanjo Agirrezabala EH Bilduko legebiltzarkideak esan du koalizio abertzaleak gehiengo sindikalak maiatzaren 30erako deitu duen greba orokorra babesten duela. Horren ustez, ezinbestekoa da indarrean diren politikak "goitik behera" aldatzea, eta erabakiak Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat hartzea.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean gauzak egiteko beste modu batzuk badaudela azpimarratu du. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren jarduera kritikatu du, euskal gizartearen beharrei dekretu, murrizketa eta erreformekin erantzuteagatik.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak iraganeko errezetak erabiltzen dituztela salatu du. "Orain arteko politikak albo batera utzi behar dira, izan ere, erabakiak Euskal Herritik Euskal Herriarentzat hartu behar dira", gaineratu du.
Bestalde, maiatzaren 30eko greba babesten duela eta gehiengo sindikalak esandakoarekin hainbat puntutan bat egiten duela azaldu du. "Mamia partekatzen dugu, esloganetik hasita: Lan eskubide eta eskubide sozialen defentsa eta Euskal Herriarentzat eredu propioa eskatzen ditugu".