Ekonomia -

Eustat

Langabezia tasa ia % 14an da, Euskadin

2013ko lehen hiruhilekoan, langabeziak gora egin du; aurreko urteko azken hiruhilekoarekin alderatuta, puntu bat hazi da. Guztira 142.400 langabe daude EAEn.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabezia tasa % 13,8an kokatu da 2013ko lehen hiruhilekoan Euskal Autonomia Erkidegoan, joan den urteko azken hiruhilekoarekin alderatuta puntu bat igo da.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, langabeen kopurua, hau da, lana bilatzen dihardutenen pertsonena, 142.400ekoa izan da urteko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 12.200 pertsona gehiago.

2013ko lehen hiruhilekoan 9.600 gizonezko geratu dira lanik gabe, guztira 81.700 daude langabeziaren zerrendan. Emakumezkoei dagokienez, 2.700ek galdu dute lanpostua eta guztira 60.700 daude lanik gabe.

2013ko lehen hiruhilekoan beraz, gizonezkoen langabezia tasa % 14,7an kokatu da eta emakumezkoena % 12,8an.

Gazteen langabezia tasak jarraitzen du larriena izaten, 16 eta 24 urte arteko gazte aktiboen arteam 15.900 pertsona daude lanik gabe, hau da, % 41,3ko langabezia tasa erregistratu da gazteen artean.

 

Datuak lurraldeka

Lurraldez lurralde, Bizkaian hazi da gehien langabeen kopurua, 5.400 langabe gehiago zenbatu baitituzte. Langabezia tasa % 15,8koa da bertan.

Gipuzkoan, 4.700 pertsonak eman dute izena langabeen zerrendan urteko lehen hiruhilekoan. % 11,1eko langabezia tasa dago lurralde horretan.

Araban, berriz, 2.200 pertsona gehiago zenbatu dituzte lanik gabe, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero. Ondorioz, langabezia tasa % 12,6koa da orain.

 

Biztanleria aktiboa

2013ko lehen hiruhilekoaren datuen arabera, EAEn 888.300 biztanle daude aktibo; hau da, aurreko hiruhilekoan baino 2.500 pertsona gehiago daude lanean.

Dena den, azken 12 hilabeteetan, biztanleria aktiboak % 2,6 egin du behera, 24.000 pertsona gutxiago zenbatu baitituzte lanean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea