Ekonomia -
Batzar nagusiak
BBKk, Kutxak eta Vital Kutxak gizarte-ekintza murriztu dute 2013an
EAEko hiru aurrezki-kutxek batzarrak egin dituzte Kutxabank osatu ostean. Hiru batzarrek gizarte-ekintza izan dute hizpide, finantza negozioa ez delako dagoeneko bertan eztabaidatzen.
Erredakzioa
Gizarte-ekintzara 32,8 milioi euro bideratuko ditu BBKk aurten, 2012an erabilitakoaren erdia. Entitateko batzar nagusiak aurrekontuak onartu ditu gaur. 2012an, 64,9 milioi euro erabili zituen gizarte-ekintzan.
EAEko hiru aurrezki-kutxek gaur batzarrak egin dituzte, Kutxabanken integratu ostean. Hiru batzarrek gizarte-ekintza izan dute hizpide, finantza negozioa bankuaren eskuetan geratu zelako, eta funtzionamendua ez da batzarretan eztabaidatzen dagoeneko.
Aurrezki-kutxek mozkinen % 30 gizarte-ekintzara bideratzen dituzte. Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak iragarri duenez, BBKren etekin guztia gizarte-ekintzan erabiltzeko baimena eskatu dio gaur Espainiako Bankuari.
Murrizketak mozkinen jaitsieraren ondorioak dira: iaz Kutxabankek 84,6 milioi euroko mozkinak lortu zituen, hau da, 2011n baino % 65,5 gutxiago. Beherakada kutxen gizarte-ekintzara heldu da orain.
Oposizioko talde politikoek (Bildu, PP eta PSE) gizarte-ekintzaren murrizketak kritikatu dituzte. Lehenengoak kontrako botoa eman du, eta beste biak abstenitu dira bozketan.
Gizarte-ekintzako langileek lan-baldintzak mantenduko dituztela esan du Fernandezek.
Etxegabetzeak
Batzarreko beste gai nagusia etxegabetzeak izan dira, eta Kutxabankek orain arte jokatu duen papera.
Kutxabankek etxegabetzeak saihesteko esfortzuak egiteko eskatu diote taldeek entitateko presidenteari. Bilduren datuen arabera, 237 pertsona exegabetu dituzte, edo etxegabetzeko prozedura martxan dute BBKn.
Mario Fernandez haserre azaldu da: "Etxegabetzeen kritikak Kutxabank dute jomuga arrazoiren batengatik, gainerako bankuek egingo ez balituzte bezala".
Kutxa
Bestalde, Kutxako batzarrak ere kontuak onartu ditu gaur, baita 2012ko likidazioa eta gizarte-ekintzako 2013 aurrekontua ere. Aurten aurrekontua 14,91 milioi eurokoa izango da, iaz baino 23 milioi gutxiago.
Xabier Iturbek Kutxaren batzarra zuzendu du Donostian. Administrazio Kontseiluko kudeaketa txostenari babesa eman diote 38 kontseilarik, beste 32k kontrako botoa eman dute eta hiru abstenitu dira.
Kutxako batzar nagusia. EFE
2012ko gizarte-ekintzaren kitapenak, kudeaketa planak eta aurrekontuak aldeko 38 boto jaso dituzte, 33 kontra eta bi abstentzio.
Batzarrak lau orduko iraupena izan du eta kontseilari ugarik hitza hartu dute.
Vital
Era berean, Vital Kutxako batzar nagusiak 6,5 milioi euroko gizarte-ekintza aurrekontua onartu du gaur. Horrela, iaz baino milioi bat gutxiago bideratuko du gizarte-ekintzara. Murrizketak partida guztietan izango dira, eta laguntzak arrazionalizatu beharko dituzte.
Vital Kutxako batzarra. EFE
Gazteen alokairua laguntzeko 'Vitalquiler' programa bertan behera geratuko da 2014an. Planak beharrizanak betetzen baditu aztertu behar dute orain.
Murrizketen aurka elkarretaratzea egin dute Vital Kutxako egoitzaren aurrean, Salburuan, "Bizileku eta etxerik gabe, kalean eta pijaman" lelopean.