Ekonomia -

2013. urterako Aurrekontuak

Lehendakaria 'etorkizuneko diru-sarrerak' negoziatzeko prest agertu da

Iñigo Urkulluk "erantzukizunez jokatzeko" eta Aurrekontuak adosteko deia egin die talde parlamentarioei.

Ricardo Gatzagaetxebarria. EiTB.
Ricardo Gatzagaetxebarria. EiTB.
Urkullu: 'Aurrekontuen negoziazioan aurrerapausoak egin ditugu'

1:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria "aurten sortu litezkeen diru-sarrerak" negoziatzeko eta Aurrekontuak adosteko prest agertu da.

Gainera, "erantzukizunez jokatzea" eskatu die talde parlamentarioei, EAJk "ahaleginak" egin baititu Euskadiko erakunde guztiek aurrekontuak izan ditzaten. "Heldu da proposamen zehatzak egiteko eta lehentasunak ezartzeko garaia", gaineratu du.

Urkulluk prentsaurrekoa eskaini du, Eusko Jaurlaritzak asteartero egiten duen bileraren ostean, legegintzaldi honetarako programa aurkezteko eta Aurrekontuen negoziazioaren berri emateko.

Hori horrela, Aurrekontuen "lurzoru ekonomikoa" Finantzen Euskal Kontseiluan, erakunde guztien artean, adostuta dagoela nabarmendu du lehendakariak.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren 2013. urteko Aurrekontuak 9.316 milioi eurokoak izatea adostuta dagoela gogorarazi du.

Urkulluk "etorkizuneko diru-sarrerak" adosteko eta gastuen alorra berregituratzeko prest agertu da, baina betiere "duguna baino gehiago gastatuko ez dugula" oinarri hartuta.

Horren esanetan, Jaurlaritzan "akordioa lortzen saiatu da", eta "akordioa lortzeko borondateari" eutsiko diote", "erantzukizun instituzionala" dela eta.

Lehendakariaren ustez, Aurrekontuak ez onartzeak ekonomia sustatzeko eta enplegua sortzeko planak abiatzeko zailtasunak areagotzea ekarriko luke. Dena dela, aurrekontu proeiktua onartu edo ez, bi plan horiek gauzatu egingo dituztela aurreratu du.

"Herrialdeak aurrera egin behar du, eta Jaurlaritzak aurrera egingo du", adierazi du.

Egun, Iñigo Urkullu lehendakariaren Gobernuak EAJren 27 legebiltzarkideen babesa baino ez du, eta, beraz, oposizioarekin negoziatu behar du, baina oraingoz ez da inor alde agertu.

EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk osoko zuzenketak aurkeztuko dituzte. PPk ere bat aurkezteko lanetan dagoela aurreratu du, baina, era berean, sozialistei eta jeltzalei proposamen bat helaraziko diela iragarri du, hiru alderdien artean akordioa lortzeko.

Kontzertu ekonomikoa erreformatzea proposatu du Urkulluk

Aldundiek esparru fiskalean dituzten eskumenak handitu eta zuzenekoak ez diren zergen inguruan (BEZa, besteak beste) erabakiak hartzeko aukera izan dezaten, Kontzertu Ekonomikoaren Lege berria eratzea planteatu du Jaurlaritzak.

''Berebizikoa da kontzertu ekonomikoaren erreforma sakona egitea, eskumenak handitu eta gure sistema fiskalaren erreforma egiteko oztopoak jartzen dituzten mugak ezabatzeko'', testuak jasotzen duenez.

Halaber, legegintzaldi honetarako, hiru herrialdeen arteko erreforma fiskal orekatu eta koordinatua mahai gainean jarri du Urkulluk.

4 milioi euro aurreztuko dituzte, 56 goi-kargudun kenduta

Eusko Jaurlaritzaren egituran 56 goi-kargudun eta konfiantzazko lagun kenduta, 4 milioi euro aurreztuko dituztela aurreikusi du Urkulluren exekutiboak. Hala, Gobernu Kontseiluak 10 dekretu onartu ditu, eta, horietan, Jaurlaritzaren egitura osatuko duten goi-kargudunen zenbatekoa jaso dute: guztira 209 izan dira, aurreko Jaurlaritzan baino % 21,13 gutxiago.

Zehazki, sailburuak 8 izango dira (aurretik 10 ziren); sailburuordeak, 30 (35 ziren); eta zuzendariak, berriz, 98 (124 ziren). Aholkulari eta konfiantzazko lagunak ere murriztu dituzte: 124tik 98ra.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea