Ekonomia -

Langabezia Euskadin

37.000 gaztek galdu dute lana Euskadin krisia hasi zenetik

25 urtetik beherako hamar gaztetik hiruk lanpostu bat bilatzeari utzi dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazteen 37.100 lanpostu galdu dira Euskadin; hau da, 2007an krisia hasi zenetik gazteen lanpostuen % 55,8 galdu dira gurean. Hala ere, Estatuan EAEn galdu dira erritmo motelenean gazteen lanpostuak, nahiz eta azken urtean erritmoa bizkortu den.

Datu horiek Asempleo enplegu enpresen elkarteak 25 urtetik beherako gazteen lan-egoera aztertzeko egindako ikerketan ageri dira. Horren arabera, Estatu osoan, 850.000 gaztek galdu dute lanpostua krisia hasi zenetik.

Gaur egun, Euskadin, 25 urtetik beherako 29.400 gaztek dute lana, baina 2007an, krisia hasi zenean, 66.500 gaztek zuten. Hortaz, 37.100 lanpostu desagertu dira; gazteen lanpostuen % 55,8, hain zuzen. Estatuan, berriz, batez beste, gazteen lanpostuen % 63,8 galdu dira. Hala, txostenaren datuen arabera, Euskadin galdu dira erritmo motelenean gazteen lanpostuak, nahiz eta azken urtean lanpostuen % 24,4 desagertu diren.

Gainera, lanpostu bat bilatzen duten gazteen kopurua murriztu egin da Euskal Autonomia Erkidegoan. Krisia hasi zenetik, % 31,1ek utzi diote bilatzeari, hau da, 25 urtetik beherako hamar gaztetik hiruk.

Krisia hasi zenetik, gazte langabeen kopurua bikoiztu egin da: 2007an 12.500 langabe izatetik, 2012an 25.000 izatera igaro da. Hala, 25 urtetik beherakoen langabezia-tasa EAEn % 46koa da; Estatuan baino baxuagoa (% 55,1).

Txostenaren arabera, lan egiteko adinean kide bat gutxienez duten Euskadiko familien % 8,9k kide guztiak langabezian dituzte. Estatuan, berriz, batez beste familien % 14,2 daude egoera horretan.

Gainera, Euskadin azken urtean lanpostu publikoak sortu (3.500 lanpostu gehiago; % 2,5 hazi dira) eta lanpostu pribatuak desagertu dira (57.900 lanpostu gutxiago, % 9,2 gutxitu dira). Bestalde, urtebete gutxienez langabezian eman duten langabeak guztien % 54,4 dira; Estatuan, berriz, iraupen luzeko langabeak guztien % 55 dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea