Ekonomia -

Muskizko koke planta

Euskadin industria arloan egindako inbertsiorik handiena, abian

Petronorren koke plantak 800 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarri du. Lehendakaria eta Bizkaiko ahaldun nagusia ez dira inauguraziora joan.

Muskizko koke planta. Argazkia: Petronor
Muskizko koke planta. Argazkia: Petronor
Asturiasko printzea Petronorreko koke plantaren inaugurazioan izan da

3:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Petronorrek koke planta bat inauguratu du asteazken honetan Muskizen (Bizkaia). Euskadin industria arloan inoiz egindako inbertsio handiena ekarri du instalazio horrek.

Inaugurazioan, baina, ez dira izan ez Iñigo Urkullu lehendakaria, ez Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia, agenda arazoak argudiatuta. Urkulluk berak gaur argitu duenez, Euskaditik kanpo senide batzuekin "konpromisoa" bete behar zuen, eta horregatik ez da ekitaldira joan.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak Josu Erkoreka bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburua eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua bidali ditu ekitaldira. Felipe Borboikoa Asturiasko printzea ere izan da bertan. Haiekin batera, planta horretako akziodun nagusiak ere izan dira: Antoni Brufau (Repsol) eta Mario Fernández (Kutxabank).

Felipe Printzearen iritziz, enpresa horrek bikaintasun teknologikoa  eta "Euskadiko industria tradizioa" uztartzen ditu. Etorkizunera begira egindako apustu garrantzitsua dela azpimarratu du. Felipek bere poza adierazi du Espainiak garai zailak bizi dituenean "mota honetako ekitaldiak ospatzeko gai garelako". "Gure industriaren garapenerako bultzada garrantzitsua izango da", gaineratu du.

Jose Manuel Soria Industria ministroak ere Petronorrek egindako apustua azpimarratu du, eta apustu horrek ''modernizatzeko asmoari'' erantzuten diola gaineratu du. Halaber, Petronor, 1986an, berunik gabeko gasolina ekoizten lehena izan zela ekarri du gogora Soriak.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, ''itxaropena pizten duen konfiantza bultzada'' da Petronorren egindako inbertsioa. Erkorekaren ustez, ''itxaropen horiek dira hazkundea ahalbidetzen duten inbertsioak eragiten dituztenak''. ''Hemen industriaren, inbertsioaren, berrikuntzaren eta nazioarteko jardunaren aldeko apustua dago'', gaineratu du.

Josu Jon Imaz Petronorreko presidenteak ere hitz egin du ekitaldian zehar, eta ''garai zailetan'' Repsolek eta Kutxabanakek ''inbertsioaren aldeko apustua'' egin izana azpimarratu du. Imazek adierazi duenez, planta berriak ''etorkizuna eta modernitatea'' islatzen ditu, eta ''balioetan, berrikuntzan, ezagutza eta pertsonengan oinarrituta eraiki behar den gizartearen ikur da''.

800 milioi euroko inbertsioa

Koke plantan, fuel-olioa eraldatuko dute, gasolio gehiago ekoitzi ahal izateko, produktu horren eskaria askoz handiagoa baita.

Azpiegiturak 800 milioi euroko baino gehiagoko inbertsioa ekarri du, eta Muskizko findegiaren etorkizuna bermatuko du, Josu Jon Imaz Petronorreko presidenteak duela bost urte azaldu zuenez.

Instalazioa udazkenean bukatu zuten, baina harrezkero probak egiten izan dira. Eraikitzeko, 1.500 lanpostu sortu zituzten.

Petronor da EAEko aldundien diru-kutxan ekarpen handiena egiten duen konpainia (750 milioi euro ematen dizkio urtean Bizkaiko Aldundiari). Gainera, 900 langile ditu, eta beste 6.000 enpresa laguntzaileetan. Repsolek enpresa horren akzioen % 85 ditu; gainerako % 15ak Kutxabanken esku daude.

Ekologisten protesta

Meatzaldea Bizirik elkarte ekologistak elkarretaratzea egin du astearte honetan, koke planta "legez kanpokoa" dela uste baitute. Protesta ekitaldia 19:30ean izan da, Muskizeko kultura aretoaren aurrean.

Elkarteko kideen aburuz, "bitxia da inaugurazioa Administrazio Auzietarako Auzitegiak Udalak planta eraikitzeko eman zituen jarduera eta obra lizentziak legez kanpokotzat jo eta hilabetera egitea". Ebazpen hori emateko, Kostalde Departamentuak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan eraikitzeko baimenik eman ez izana hartu zuen Auzitegiak argudiotzat, Meatzaldea Bizirik taldeak esan duenez.

Elkarteak, gainera, instalazioa eraiki duten bitartean langabezia tasa hirukoiztu egin dela salatu du. Gainera, Muskizeko herritarrek "bentzeno, tolueno eta xileno maila altuegia" arnastu dutela eta herrian "hilkortasun orokorra eta minbiziak eragindakoa EAEko batez bestekoa baino handiagoa" dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea