Ekonomia -

Banku nazionalizatuak

Lehentasunezko akziodunek diru asko galduko dute

Bankiako lehentasunezko akziodunek batez beste inbertsioaren % 38 galduko dute. FROBek Catalunya Banceko lehentasunezko akziodunei % 61ko murrizketa ezarri die, eta % 43koa Novagalicia Bancokoei.

Lehentasunezko akziodunen protestak Coruñan. EFE
Lehentasunezko akziodunen protestak Coruñan. EFE
Lehentasunezko akzioekin dirua galdu zutenek ez dute guztia berreskuratuko

0:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bankiako lehentasunezko akziodunek batez beste inbertsioaren % 38 galduko dute, Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak (FROB) jakitera eman duenez.

Gainera, Bankiako akzioen balioa 2 eurotik zentimo bakarrera jaitsi du erakunde publikoak, eta entitatea berriro kapitalizatzeko 15.540 milioi euroko kapital-zabalkuntza egitea erabaki du. Prozesua maiatzaren 31 baino lehen amaituko da.

Era berean, FROBek Catalunya Banceko lehentasunezko akziodunei batez beste % 61ko murrizketa ezarri die, eta % 43koa Novagalicia Bancoko (NCG Banco) akziodunei.

2.000 milioi euro

Finantza entitateek Diru-sarrerak Bermatzeko Funtsari (FGD) ezohiko ordainketa bat egitea onartu du Ministroen Kontseiluak. Horrela, FGDk 1.500-2.000 milioi euro lortuko ditu, Novagalicia Bancoko eta Catalunya Banceko lehentasunezko akzioei likidezia emateko, Luis de Guindos Ekonomia ministroak iragarri duenez.

"FGDri baliabideak emateko bankuei diru gehiago eskatu diegu, lehentasunezko akzioei likidezia emateko", adierazi du De Guindosek Ministroen Kontseiluaren ostean, prentsaurrekoan.

De Guindos ministroa efe

Luis de Guindos Ekonomia ministroa. Argazkia: EFE

Bankuek FGD urtero hornitu beharko dutela azaldu du De Guindosek, baina 2014ko aurreneko 20 egunetan diruaren % 40 erakundearen eskuetan egon beharko da.

FGDko kudeaketa batzordeak zenbatekoa finkatuko du, baina Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak esku hartutako entitateak ez dituzte behartuko, ezta banku txikiak ere (5.000 milioi baino gutxiagoko balantzea dutenak). Era berean, Bankuen Berregituraketarako Aktiboen Kudeaketa Elkarteak (Sareb) egingo duen ekarpena kontuan izango dute.

Inbertitzaile txikiak babestu

Formula honekin Kataluniako eta Galiziako bankuen lehentasunezko akzioak erosi zituzten inbertitzaile txikiak babestu nahi ditu Gobernuak.

Akziodunek Novagalicia Bancoko eta Catalunya Banceko tituluak aldatu eta beste produktu bat dirutan jaso ahal izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea