Ekonomia -
Elkarrizketa
Aurrekontuen inguruko akordioa 'laster' hartzea espero du Erkorekak
Horrez gain, eztabaidaren muinari heldu ez izana leporatu dio oposizioari. "Zehaztapenak egiteko ordua da; zer aldatuko luketen argi esan behar dute", azpimarratu du.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du Legebiltzarreko talde guztiekin elkarrizketak dituztela eta, ondorioz, Aurrekontuak aurrera ateratzeko akordio bat izatea "laster" posible izango dela uste du.
Hala ere, Erkorekak zehaztapenak egiteko eskatu die oposizioko taldeei. "Adierazpen orokorrak edo demagogikoak egiteari utzi eta zehaztapenak egin behar dituzte; argi esan behar dute zer kendu eta zer gehitu nahi duten", azpimarratu du.
Gauzak horrela, oposizioko taldeei "arduraz jokatzeko konpromisoa" galdegin die; izan ere, "orain arte adierazpen handien atzean ezkutatu dira, baina argi hitz egiteko unea iritsi zaie eta, Aurrekontuak onartzeko, zer diru-sorta kendu eta zer diru-sorta gehituko luketen esan behar dute", erantsi du.
Horrenbestez, eztabaidaren muinari heltzeko deia egin du. "Jaurlaritzak bere apustua egin du eta bere programa dokumentu batean bildu du; orain oposizioko taldeek zehaztapen argiak egin behar dituzte", berretsi du.
Bestalde, "egungo testuinguru ekonomiko zaila" kontuan hartuta, Iñigo Urkulluren Jaurlaritzak agintaritzan daraman hilabeteen balantzea "oso positiboa" dela adierazi du.