Ekonomia -
Finantza-erreskatea
'Korralito' oldea zabaldu da Europan, Zipreren erreskatearen ondoren
10.000 milioi euroko erreskatearen truke, tasa bat ezarri beharko du Ziprek. Hala, kontuetan 100.000 eurotik gora dituzten aurrezleei % 10 atxikiko zaie, eta % 6,75 gainontzekoei.
Erredakzioa
Europako Ekonomia eta Finantza ministroek Zipreri 10.000 milioi euroko erreskatea ematea adostu dute goizaldean, uhartearen zor arazoei aurre egin ahal izateko, Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak iragarri duenez.
Bruselako Europar Batasuneko Kontseiluaren egoitzan 10 orduz egon dira negoziatzen. Halaber, Nicos Anastasiades Zipreko presidentea ere bertan izan da, eztabaidak hurbiletik jarraitzeko.
Zipreren erreskatea herritarrek beraiek euren poltsikotik zuzenean ordaindu beharko dute ordea; izan ere, erreskatearen truke tasa bat ezarriko beharko du Gobernuak. 100.000 eurotik gorako aurrezkiak dituztenei % 10 atxikiko zaie, eta hortik behera % 6,75 kenduko diete.
Herritarrek harriduraz eta amorruz hartu dute erabakia, eta sentipen hori areagotu egin da Eurotaldeak "korralito" partziala ezarrita. Neurri horrekin dirua herrialdetik ateratzea eragotzi nahi dute.
Zipretarrak kutxazainetara joan dira dirua ateratzera, kenduko dietenaren beldur.
Doitasun-fiskal betetzeko
"Asmo handiko neurriek osatutako programa da", azaldu dute Ekonomia ministroek, "uhartearen finantza-egonkortasuna bermatzeko, doitasun-fiskala betetzeko eta hazkunde orekatuari eta jasangarriari lagundu ahal izateko".
"Zipreren finantza-laguntza bermatuta dago", azaldu du Dijsselbloemek prentsaurrekoan, "uhartearen eta eurogune osoaren finantza-egonkortasuna gorde ahal izateko".
Diru kopuru txikiagoa
Ziprek 17.000 milioi euroko diru-laguntza eskatu bazuen ere, Eurotaldeak 10.000 milioi eskaintzea adostu du. Horri esker, 2020ra bitartean herrialdearen zorra % 150etik % 100era murriztea espero dute, Nazioarteko Diru Funtsak eskatu zuen bezala.
Erreskatea "2013ko apirilaren erdialde aldera" berretsiko dute, eta prozedura nazionalen arabera ere berretsi beharko da. Olli Rehn Gai Ekonomikoetarako komisarioak esan duenez, "espero dut hori hemendik gutxira gertatzea, atzerapen handiak saihesteko".