Ekonomia -
Beasainera bisita
Bizkaiko eta Arabako AHTko lanak bere gain hartzea proposatu EAEk
Gipuzkoan erabili den prozedura beste bi lurraldeetara zabaldu nahi du Urkulluren Jaurlaritzak.
Errddakzioa
Bizkaiko eta Arabako abiadura handiko trenaren lanak Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzea proposatu du Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Gipuzkoan orain arte egin bezala. Horrela, Madrilek hitzemandako lanak egitea lortu nahi du Jaurlaritzak.
Oregik azaldu duenez, dagoeneko luzatu diete proposamena Espainiako Gobernuari. Ingurumen eta lurralde antolamendu sailburuak baieztatu du Gipuzkoan erabilitako bideari jarraitu nahi diotela Bizkaian eta Araban, hau da, lanak Jaurlaritzak egitea, horretarako dirua aurreratuz, eta gero kupo bidez egitea ordainketa Espainiako Gobernuak. Erantzunaren zain dago orain Jaurlaritza. Oregik esan duenez, otsailean Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak baieztatu zion EAEko zatia estrategikoa dela, eta, beraz, lehentasuna duela.
Espainiako Gobernuak proposamena onartzen ez badu, Jaurlaritza orain arte bezala jarraitzeko prest agertu da.
Sailburuak AHTko lanak bisitatu ditu Beasainen, Akitaniako Bernard Uthurry eta Francois Maitia ordezkariekin batera. Espainiako Gobernuari eskatu dio hel diezaiola EAE eta Akitania lotuko dituen abiadura handiko trenaren lanei, izan ere, "Europa hego-ekialdearen eta Atlantikoko Arkuaren garapena bultzatuko du".
AHTko lanek garrantzia handia dute EAErentzat eta Europa hegoalderantzat, Ana Oregiren arabera. Horren ustez, "etorkizuneko garraiobidea da: jasangarria, garbia eta berritzailea".
EAEk eta Akitaniak AHTren lanak azkartzeko eskatu dute
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) eta Akitaniak abiadura handiko trena bultzatu nahi dute, eta asteazken honetan Iñigo Urkullu lehendariak eta Alain Rousset Akitaniako presidenteak Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu diete bi lurraldeak lotuko dituen trenaren lanak azkartzea.
Iñigo Urkullu lehendakariak Akitaniako Alain Rousset presidenteak lehenengo goi-bilera egin dute gaur Gasteizen.
Bi agintariek azaldu dutenez, Europa Hego-ekialdea lotuko duen abiadura handiko trena egiteko zati garrantzitsua da EAE eta Akitania artekoa. Horien iritziz, bi lurraldeak lotzea ezinbesteko baldintza da Europako mugikortasun jasangarriaren proiektua betetzeko.