Ekonomia -

Euskal funtzionarioak

Aburtok onargarri deritzo funtzionarioen lanaldia luzatzeari

Sailburuaren ustez, euskal funtzio publikoko langileen urteko lanaldia 1.614,5 ordura luzatzea ez da “gehiegizkoa”, eta sindikatuek greba bat deitzea “nekez ulergarria” izango litzatekeela adierazi du

Jose Maria Aburto Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Argazkia: EITB.
Jose Maria Aburto Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Argazkia: EITB.
Aburto, funtzionarioen lanaldiaren luzapenaz, Radio Euskadin

0:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak ez dio "gehiegizko" iritzi euskal funtzio publikoko langileen urteko lanaldia 1.614,5 ordura luzatzeari, eremu pribatuarekin konparatuz gero. Hori dela eta, erabakia "erabat onargarria" izan behar dela uste du, Eusko Jaurlaritzaren langileak mantentzeko aukera ematen duelako.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Administrazio Publikoko 70.000  langileen urteko lanaldia 1.592 ordutik 1.614,5 ordura luzatzeko dekretua onartu zuen atzo.

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean Aburtok adierazi duenez, erabaki horrek "egunero apur bat lan gehiago egitea suposatzen du, baina Administrazio Publikoko langileen lanpostu guztiak mantentzea".

Hala ere, lanaldiaren luzatze horrek behin behineko enpleguetan albo kalteak eragingo dituela onartu du sailburuak.

Aburtoren esanetan, Euskadin "eremu publikoan ez da enplegurik suntsituko", beste hainbat tokitan (Estatuko Administrazioan eta Kataluniakoan, esaterako) ez bezala.

Horren ustetan, "nekez" ulertuko litzateke sindikatuek greba orokor bat deitzea erabaki horren kontra egiteko. Izan ere, oinarrizko araudi batek "behartuta" luzatu dute euskal funtzio publikoko langileen urteko lanaldia.

Mercadona Euskadin

Mercadonak Euskadin 25 saltoki irekitzeko asmoari buruz, albiste positiboa dela uste du Aburtok, 50 milioi euroko inbertsioa egitea eta 1.000 lanpostu sortzea ekarriko duelako.

Sailburuaren esanetan, Euskal Autonomia Erkidegoan "tokiko saltokiak eta saltoki handiak elkarrekin bizi daitezke".

Gainera, Euskadiko babes sozialaren sistema "jasangarria egiteko" formulak ikertuko dituztela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea