Ekonomia -
Doitze neurriak
BEZa eta erregaiei zergak igotzea baztertu du 'oraingoz' de Guindosek
Europar Batasunarekin defizita malgutzeko akordio batera iritsiko direla uste du Ekonomia ministroak.
Erredakzioa
Luis de Guindos Ekonomia ministroak baztertu egin du oraingoz BEZa eta erregaien zergak igotzea Europako Batzordeak horrela eskatu duen arren. Espainiako Gobernuak ez duela 2013. urtean doitze neurri berririk hartuko nabarmendu du.
Espainiak lehengo urtean jada BEZa igo zuela ekarri du gogora eta produktu batzuk taldez aldatu zirela. "Horrekin nahikoa dela uste du Gobernuak", esan du.
Ingurugiroaren zergen inguruan, "Bruselaren gomendioak kontuan hartuko ditugu, baina horrek ez du esan nahi erregaien zergak igoko ditugunik", zehaztu du.
"2013. urterako, Europako Batzordeak behin baino gehiagotan esan du Espainiak ez duela aparteko neurririk hartu beharko", adierazi du ministroak.
2014 eta 2015 urteei dagokienez, de Guindosek ez du aurreikusitako neurrik zehaztu nahi izan. Apirilean, Gobernuak egonkortasunerako programa onartuko duela esan du, eta bertan, iragarpen ekonomikoen eta Europar Batasunak eskatzen duen doitze fiskalaren baitan, doitze neurriak zehaztuko direla esan du.
Bruselak pentsioen inguruan egindako gomendioek ez dutela "Espainiak jada hartu dituen konpromisoez gain ezer berririk" esaten adierazi du ministroak. "Espainiak behar baino lehenagoko erretiroa mugatuko du".
Azkenik, gehiegizko defizita zuzentzeko Europar Batasunak denbora gehiago emango duela uste du ministroak, baina ez du zehaztu nahi izan luzapena urtebetekoa eta bikoa izango den. "Rehn komisarioak jada esan du bidea malgutu daitekeela", azaldu du.