Ekonomia -
Balantzea
Kutxabankek 84,6 milioi euroko irabaziak izan zituen 2012. urtean
2011n baino % 65,5 gutxiago irabazi du, 575 milioi horniduretara zuzendu eta gero.
Erredakzioa
Kutxabankek 84,6 milioi euroko irabaziak izan zituen 2012. urtean, 575 milioi euro horniduretara zuzendu eta gero. Mario Fernandez Kutxabankeko presidentea baikor azaldu da gaur goizean taldeak bere lehen urtemugan izan dituen emaitzekin, nahiz eta iaz Kutxa, BBK, Vital Kutxa, eta Cajasur aurrezki kutxek denen artean baino % 65,5 gutxiago irabazi duen Kutxabankek.
Mario Fernandezek gaur goizean aurkeztu du Kutxabanken 2012ko balantzea, eta krisi ekonomiko garaia izanda "zuhur" ibili direla azpimarratu nahi izan du. Zuhurtasunari esker lortu omen dituzte emaitzak. Azaldu duenez, Cajasur finantza erakundeak 4,8 milioi euroko irabaziak izan ditu, iaz baino % 79 handiagoak.
Kaudimenari erreparatuta, Kutxabankek estatuko altuena duela adierazi du. Fernandezen esanetan, horrela jarraituz gero, Kutxabankek soilik eutsiko dio "erabakitzeko eskubideari" Europatik datozen presioen aurrean.
Finantza sektorearen egoera ere izan du hizpide Mario Fernandezek. Horren ustez, hemendik gutxira sektorea birmoldatzeko hurrengo fasea jarriko da abian.
Mario Fernandezek finantza erakundeak tamaina handiagoa izan beharko lukeela uste duen arren, 2013an Kutxabankek ez dauka inolako eragiketarik egiteko asmorik, horren arabera.
Bestalde, araudi berriak bultzatuta, Kutxabankek erakundeetan dituen partaidetzak murriztuko dituela iragarri du. "Iberdrolan partaidetza izatea, ordea, estrategikoa da", gaineratu du.
Europak ezarritako murrizketak gogor kritikatu ditu Fernandezek, gizartean dituzten ondorioak oso larriak direlako. Halaber, ukatu egin du Kutxabankek ekonomia suspertzeko maileguak ez ematea: urtebetean 1.270 operazio onartu eta 500 milioi eman ditu, horren esanetan.
Etxea galtzeko zorian daudenentzat, Kutxabankek iaz 3.000 mailegu baino gehiago berriz negoziatu zituen, eta hamarretik bederatzi adostu. Legea aldatzeko zorian daudela, "benetan behar duenari lagundu behar zaio, finantza erakundeak arriskuan jarri gabe", ohartarazi du.
Soldatak Kutxabanken
Gardentasunaren olatuari jarraiki, Kutxabankeko kontseilarien soldatak eman ditu ezagutzera. Mario Fernandezek milioi erdi euro kobratu zituen iaz, eta aurten % 10 jaitsi du bere soldata. Guztira, finantza erakundeko kontseilarien artean 1,4 milioi euro jaso dituzte, eta zuzendaritzako kideen artean, 1,8 milioi euro.
Kutxabankeko presidentearen hitzetan, hala ere, gainerako finantza erakundeetan baino soldata baxuagoak dituzte.