Ekonomia -
Aurrekontuak
Jaurlaritza: 'Lehentasuna babes sozialaren euskal ereduari eustea da'
Ogasun eta Finantza sailburuak ez du 2013. urterako aurrekontuetan inorekin akordioetara iristea baztertzen.
Erredakzioa
Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak ETBko elkarrizketa batean berretsi duenez, "lehentasuna babes sozialaren euskal ereduari eustea da", jarduera ekonomikoaren hazkuntzarekin eta enplegua sortzearekin batera. Azken hauek, dagozkien neurri eta planak izango dituztela azaldu du.
"Diru-sarrerak 1.200 milioi euro jaitsiko direla kontuan hartuta, gobernatzea lehentasunak jartzea da", adierazi du. "Lehentasuna, Osasunean, Hezkuntzan eta gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokan egituratutako babes sozialaren euskal ereduari eustea da", nabarmendu du.
Kulturan Hezkuntzan baino gehiago jaitsiko da aurrekontua
Ogasun eta Finantza sailburuak adierazi du Kultura Sailerako gastua Hezkuntzakoa baino gehiago murriztuko dela, azken hori "lehentasunezkoa baita".
EiTB Kulturaren baitan dago, baina ez du zehaztu bertan zenbat jaitsiko den aurrekontua. Cristina Uriartek zuzentzen duen Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila horretan lanean ari dela esan du. "Hezkuntza ahalik eta gutxien murrizteko lanetan ari da sailburua, baina beste bi arloetan jaitsiera handiagoa izango da", azaldu du.
Akordioak
Ricardo Gatzagaetxebarriak ez du inorekin akordioetara iristea baztertzen eta "ardura gehiena EAJk duen arren, beste alderdiek ere badute euren ardura", zehaztu du. Ildo honetan, "Euskadirentzat luzapen bat baino, hobea da aurrekontuak edukitzea", adierazi du.
Ogasun eta Finantza sailburuak asteazkenean hasiko du bilera-sorta beste alderdiekin, Jaurlaritzak 2013rako aurreikusi dituen aurrekontuen ildo nagusiak zehazteko. "Ikusiko dugu alderdi bakoitzak egiten dituen hausnarketak zeintzuk diren eta egun dugun egoera ekonomikoaren aurrean, euren estrategia politikoak non kokatzen diren".
Azkenik, beste alderdiek zer egingo duten ez dakiela zehaztu du, baina ez duela inorekin akordioetara iristea baztertzen esan du.
Patxi Lopezen legegintzaldian, EAJk ez zuela osoko zuzenketarik aurkeztu eta bozketan abstenitu egin zirela ekarri du gogora.
Gasteizko inbertsioetara bideratuko den bost milioi euroko partidaren inguruan, "Gasteizek dituen ezaugarriengatik eta horretarako dagoen adostasun politikoagatik" aurreko Jaurlaritzak 2012an harturiko konpromisoa dela nabarmendu du. Hala ere, ukatu egin du horrek PPk aurrekontuak babesteko erabakiarekin harreman zuzena duenik.
Bestalde, zerga arloan alderdien artean ireki den eztabaidan "oinarrizko adostasunak" lortzea espero du, PFEZaren eta Sozietateen Zergak aldatzeko. Horren harira, aldi baterako errekargua eratzea baztertu du, eta "zerga erreforma sakona, orekatua eta adostua" bilatzearen alde egin du.