Ekonomia -

Bilera

Akordiorik ez EAEko funtzio publikoko langileen baldintzen inguruan

Sindikatuen arabera, alde biek "hitz egiteko borondatea izan dute", baina "oso ikuspuntu ezberdinak" erakutsi dituzte. Jaurlaritzak ''errealismoa'' eskatu die sindikatuei.

Bi orduko bilera egin dute, Lakuan. EITB.
Bi orduko bilera egin dute, Lakuan. EITB.
Langile publikoen lan baldintzen inguruan ez dute akordiorik lortu

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko funtzio publikoaren inguruan egindako bileran ez dute akordiorik lortu Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek. 70.000 langile publikoren lan baldintzak izan dituzte hizpide mahai gainean, Gasteizen. Sindikatuen arabera, alde biek "hitz egiteko borondatea izan dute", baina "oso ikuspuntu ezberdinak" mantendu dituzte.

Funtzio publikoko langileek ez dute murrizketarik onartu, eta are gutxiago lanaldia 37,5 ordura luzatzea. Sindikatuak ez daude prest astean 2,5 ordu gehiago egiteko, eta 9.000 lanpostu galduko liratekeela ohartarazi dute.

Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordea bildu da sindikatuen ordezkariekin Lakuan, besteak beste, Rajoyren Gobernuak onartutako dekretuak ezartzen duen ordutegi luzapena eztabaidatzeko.

Zearretak ''errealismoa'' eta ''Euskadik bizi duen egoera ekonomikoa larriaren aurrean egoerak eskatzen duen mailako erantzukizuna'' eskatu dizkie sindikatuei. Horren hitzetan, lanaldia handitzea ''arrazoizkoa eta onargarria'' da, ''kontuan izanda Estatutik datorren legediak urtean 1650 ordu ezartzen dituela''. Bilera bukatuta, sailburuordeak esan du elkarrizketarako prest dagoela.

Ramon Uriarte ELAko ordezkariaren hitzetan, Jaurlaritzak Rajoyren murrizketak ezartzeko, lanaldia luzatzeko eta aukera askeko egunak murrizteko ''asmo argia'' erakutsi du.

UGT sindikatuak ere Jaurlaritzak 35 orduko lan astea 37,5 ordura luzatu nahi izatea eta aukera askeko egunak murriztu nahi izatea kritikatu du, eta neurri horiekin 9.000 lanpostu gal daitezkeela ohartarazi du.

LAB sindikaturen hitzetan, bestalde, negoziazio mahaian eztabaidatzen diren gaiak ''blindatzen'' ez badira ''oso zaila'' izango da akordio bat negoziatzea.

CCOO sindikatuaren ustez, berriz, ''zaila izango da'' puntuak adostea, baina ''oraindik behin betiko erabakirik ez dagoela'' azpimarratu du. CCOOren hitzetan, negoziaziorako tartean dago.

Jaurlaritzaren eta ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen arteko bilerak ordu eta erdi iraun du, eta datorren ostegunean, otsailak 28, berriro bilduko dira.

Goizean, elkarretaratzea egin dute hainbat sindikatuk Eusko Jaurlaritzaren aurrean, zerbitzu publikoaren alde. Argi utzi nahi izan dute eurak ez direla "krisiaren errudun".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea