Ekonomia -
Bankia
'Espainiako Bankuak ez zuen konfiantzarik Rodrigo Ratorengan'
Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadore ohiak hiru orduz deklaratu du Auzitegi Nazionalean, Bankia auziaz.
Erredakzioa
Rodrigo Ratok Bankian boterea gal zezan negoziazioak abiatu zituela onartu du ostegun honetan Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadore ohiak, Auzitegi Nazionalean.
Fernandez Ordoñezek hiru orduz deklaratu du epaile aurrean, Bankia auziaz, eta Espainiako Bankuak Ratorengan konfiantzarik ez zuela azaldu du, banketxe esparruan eskarmenturik ez zuelako.
Halaber, Francisco Verdu Bankiako kontseilari delegatuaren kontra ere jo du, Espainiako Bankuaren ustez Verdu ezbaitzen kargu horretan aritzeko ''egokia'', gobernadore ohiak adierazi duenez.
Francisco Javier Ariztegik bart esandakoaren ildotik, Fernandez Ordoñezek esan du ikuskatzaileak ''erabat'' galdu zuela Bankiaren kontrola Ekonomia Ministerioak Ratori kapitalizazio plan berria egitea eskatu zionean. Aurretik, baina, Bankiak Espainiako Bankuak onartutako plana bazuela azaldu du gobernadore ohiak.
"EBZk ez zuen konfiantzarik Ratorengan", esan du Fernandez Ordoñezek, eta banku-sektorean esperientziarik ez zuela esanez justifikatu du. Halaber, hori Gobernuko presidenteari "kontuz" plazaratu ziola azaldu du.
Espainiako bankuek txostenean islatutakoarekin (Bankia onbideratzeko lehenengo plana onartu zuen horren bidez) bat datoz hitz horiek, eta horren kudeatzaileak goraipatu zituen. "Talde kudeatzaileak ulertzen du, eta hala erakutsi izan du, Bankia gestionatu dezakeela ekonomia berreskuratzen den bitartean", zioen.
Horren haritik, egin duen diagnostikoa errealistatzat eta egokitzat eman dute, eta ezartzen ari diren neurriak, baita exekuzio zehaztasunak ere, itxaropentsuak dira", irakur daiteke dokumentuan.
Protestak sarreran
Bankiak kaltetu zituen 300 pertsona inguru Auzitegi Nazionaleko ateetan bildu dira, Espainiako Bankuko gobernuru ohiari errieta egiteko. Bertan izan direnek PPren eta PSOEren aurkako oihuak ere egin zituzte, baita Rodrigo Rato erakundeko presidente ohiaren kontrakoak ere.