Ekonomia -
Bisita ofiziala
Urkullu: 'Bizi dugun egoera ekonomiko larriaz ondo jabetu behar gara'
Lehendakariaren hitzetan, bi urte barru hasiko da Euskadiko ekonomia berriro garatzen eta enplegua berreskuratzen. Elkarlanaren aldeko apustua egin du Urkulluk.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Euskadi bi urte barru "hazkundeko bidera" bueltatuko dela eta, orain, "hankak lurrean jarrita, bizi dugun egoera ekonomiko larriaz" ondo jabetu beharra dagoela. Erabakiak hartzeko "batasuna" aldarrikatu du lehendakariak.
Elgoibarreko Etxe-tar enpresara egin duen bisitan, Urkulluk "lankidetzaren" aldeko apustua egin du. Lehendakariaren hitzetan, bi urte barru hasiko da Euskadiko ekonomia berriro garatzen eta enplegua berreskuratzen.
Urkulluren hitzetan, 2013. Urtea krisia hasi zenetik bizi izan dugun "kritikoena" izango da. Behin eta berriz errepikatu du "beharrezkoa" dela hankak lurrean jarri eta elkarlanari heltzea.
Aurrekontuen inguruko negoziazioak ez ditu aipatu, baina Urkulluk eztabaidan sartzea baztertu egin du. Kontzertazioaren bidez, politikak adosten saiatuko da Jaurlaritza eta ez dio bere ardurari "uko egingo". Euskadi krisitik ateratzeko, "erantzukizunez" jokatuko dutela adierazi du Urkulluk.
Bestalde, lehiakortasun eredu berria aldarrikatu du Urkulluk.