Ekonomia -

Akordioa lortu dute

Egungoa baino aurrekontu txikiagoa hitzartu du EBk, estreinakoz

Espainia ''pozik'' agertu da, laguntzen hartzaile izaten jarraituko duelako, eta ez delako emaile izatera igaroko. Euroganberak, baina, atzera bota dezake akordioa.

Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea (erdian). EFE
Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea (erdian). EFE
EBeko aurrekontua 960.000 milioi eurokoa izango da

1:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

28 orduz luzatu diren negoziazioen ondoren, Europar Batasuneko (EB) 27 estatuburuek eta gobernuburuek behin betiko akordioa lortu dute 2014-2020 epeko Aurrekontuen inguruan. Hala, datozen zazpi urteotako kontuak egungoak baino txikiagoak izatea adostu dute, estreinakoz, eta, beraz, Europako Aurrekontuak murrizketak izango dituen lehen aldia litzateke.

''Lortu dugu!. Hamarkada honetako gainontzeko urteotarako finantza aurreikuspenak adostu ditu Kontseilu Europarrak. Merezi zuen itxaroteak!'', esan du Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak Twitterren. Bilera bukatuta eskaini duen prentsaurrekoan, Van Rompuyk esan du akordioa ''xumea'' dela, baina ''lor zitekeen bakarra''. Haren hitzetan, ''orekatua'' da eta hazkundeari bideratuta'' dago.

Hain zuzen ere, gastu-muga 960.000 milioi eurokoa izango da, hots, Van Rompuyren aurreko proposamena baino 12.000 euro gutxiago eta 2007-2013 epean baino 34.000 milioi euro txikiagoa. Murrizketa honi azaroan onartutako 80.000 milioi eurokoa ere gehitu behar zaio.

Halaber, gastuen ordainketa 908.000 milioi eurora murriztu dute, David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak eskatu bezala.

Arratsaldean lortu duten behin betiko akordioa garaipena izan da Erresuma Batuarentzat eta Alemaniarentzat, murrizketa handiak eskatzen zituztelako.

Izan ere, ostiral goizaldean, 27 estatuburuek eta gobernuburuek akordio orokorra lortu zuten, gastu mugaren inguruan, baina egunean zehar dirua nola banatu negoziatzen aritu dira, Europatik jakinarazi dutenez.

Espainia ''pozik'', dirua murriztuta ere

Akordioak asebete utzi du Espainia, datozen urteotan laguntzen hartzaile izaten jarraituko duelako, eta ez delako emaile izatera igaroko.

Hala, bilera bukatuta, ''pozik'' agertu da Mariano Rajoy Gobernuko presidentea, haren hitzetan akordioari esker Espainiak BPGaren % 0,20ko kitapen positiboa izango baitu Europarekiko.

Europako Kontseiluko presidenteak egindako proposamenaren arabera, baina, Espainiari bideratutako dirua jaitsi egingo litzateke, 2.800 milioi eurotik 1.800 milioira.

Dena dela, galdutako dirua beste bide batetik lor lezake. Izan ere, Europar Batasunak gazteen arteko langabeziaren aurka borroka egiteko funts bat sortuko baitu, 6.000 milioi eurokoa, eta Espainia hartzaile nagusietako bat izan liteke.

Murrizketak non?

Murrizketa handienak garraio-azpiegituretan, energian, telekomunikazioetan eta lehiakortasunean egingo dituzte.

Aitzitik, administrazio komunitarioaren murrizketa 1.000 milioi eurokoa izango da bakarrik. Europako funtzionario kopurua % 5 murriztuko dute.

Euroganberak akordioa errefusatu du

Euroganberako alderdi nagusienek aurrekontuaren inguruan lortutako akordioa errefusatu dute, ekonomia ahulduko duela uste baitute. Onartutako konpromisoa atzera botatzeko gaitasuna du euroganberak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea