Ekonomia -

Kasinoak

Alcorconen eraikiko dute Eurovegas

Madrilgo udalerri horretan kokatuko da kasino eta aisialdi eremua, Las Vegas Sands enpresak eta Madrilgo erkidegoak jakitera eman dutenez.

Eurovegas eraikitzeko Alcorconen hartuko duten lur-eremua. Argazkia: EITB
Eurovegas eraikitzeko Alcorconen hartuko duten lur-eremua.
Eurovegas eraikitzeko Alcorconen hartuko duten lur-eremua. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eurovegas kasino eta aisialdi eremua Alcorconen (Madril) eraikiko dute, Michael Leven Las Vegas Sandsen presidenteak eta Ignacio Gonzalez Madrilgo erkidegoko presidenteak jakitera eman dutenez.

Madrilgo Gobernuaren presidentearen egoitzan emandako prentsaurreko jendetsu batean Ignacio Gonzalezek azaldu duenez, urte amaieran lanean hastea eta 2017rako eraikuntza prozesuko hiru faseetako lehenengoa amaituta egotea da inbertitzaileen eta Madrilgo Gobernuaren helburua.

Gaineratu duenez, Las Vegas Sandsen ordezkariek inbertsioaren % 35 baliabide propioekin egingo dutela hitz eman dute, eta proiektu osoa burutzeko nahikoa finantziazio izango dutela bermatu diete.

80.000 lanpostu

Eurovegasen lehenengo fasean lau resort eremu eraikitzeko 80.000 lanpostu sortuko omen dira zuzenean edo zeharka, Eurovegasen sustatzaileen arabera.

Michael Levenek azaldu duenez, lehenengo fase horretan eraikiko dituzten hotel bakoitzak 3.000 logela izango ditu, eta baita bilera gelak eta antzokiak ere.

Gaineratu duenez, Singapurren Alcorconen eraikiko dutenaren antzeko resort bat egin dute, eta 10.000 lanpostu "zuzen" sortu dituzte horretarako, eta beste hainbeste langile daude resort horretan dauden denda eta zerbitzuetan.

Levenen arabera, Alcorconeko makroproiektuan parte hartuko duten langile gehienak Espainiakoak izatea nahi dute, baina "ikuskatze-lanetan" Las Vegas Sands enpresako kideak arituko omen dira.

Erretzeko baimena

Igancio Gonzalez Madrilgo presidenteak aurreratu duenez, oraindik Espainiako Gobernua aztertzen ari den arren, Legea aldatzeko aukera izango dute Eurovegaseko kasinoetan tabakoa erre ahal izateko. Gainera, adingabeei kasinoetan sartzea debekatuko dietela azaldu du.

"Gobernuari (Espainiakoari) dagokio tabakoaren gaia eta oraintxe jorratzen ari da, beraz, datozen hilabeteetan erabakia iritsiko da", adierazi du Gonzalezek.

Bestalde, adingabeek ezingo dutela kasinoetan sartu jakinarazi du Gonzalezek. Hala ere, adingabeek hoteletara edo aisialdi guneetara joateko aukera izango dute.

Horren harira, Gonzalezek azpimarratu du AEBetan "zigor gogorrak" jartzen dituztela adingabeak kasinoetan sartzen badira, "erabat debekatuta" baitago. Hala ere, kasinoak Eurovegasen "zati txiki bat besterik ez" direla esan du agintari madrildarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea