Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

'Zintzoki, murrizketek Osasunean eta Hezkuntzan eragina izango dute'

Ricardo Gatzagaetxebarriak onartu du "une honetan lehentasuna ez duten inbertsio batzuk berriro antolatu" beharko direla.

Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza sailburua.
Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza sailburua.
Jaurlaritzak Osasun eta Hezkuntzarako gastuak murriztuko ditu aurten

1:11

N. Olaso

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza sailburuak "aurrekontuetarako, 1.200 milioi euro gutxiagoko diru-sarrerak ditugu" azpimarratu du Radio Euskadiko elkarrizketa batean, horregatik "gastuak kopuru horretan gutxitu" beharko direla esan du.

Hori dela eta, Jaurlaritzak lehentasun batzuk ezarri dituela azaldu du. "Osasunean, Hezkuntzan eta gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokan ahalik eta eragin txikiena izaten saiatuko gara", zehaztu du, baina "zintzoki, murrizketek Osasunean eta Hezkuntzan eragina izan beharko dutela esan behar dut", onartu du.

Ildo honetan, egin ezingo diren inbertsioak aztertu beharko direla esan du, baina "ez dira egin gabe geldituko, urte batzuk atzeratu beharko dira", zehaztu du. Pasaiako kanpo portuaren eta AHTaren inguruan galdetuta, "barne trenbidearen inbertsioa, esaterako, atzeratu egin beharko da", adierazi du. "Une honetan lehentasuna ez duten inbertsio batzuk berriro antolatu beharko dira eta beste urte batzuetan egingo dira".

Zerga erreformaz ere mintzatu da Gatzagaetxebarria eta EAJren presidenteak beste alderdiei erreforma aurkeztu diela ekarri du gogora. Halaber, "EAJ beti egon da zerga sisteman aldaketak egiteko prest", nabarmendu du. Hala ere, "erreforma sakon batekin, EAEko erakunde sistema osoarentzat 400 milioi euro" soilik lortuko lituzketela esan du.

Azkenik, kupoaren legeari irtenbideak bilatzeko Ogasun Ministerioarekin elkarrizketak hasiko dituztela aurreratu du. "Dagozkigun baliabideak izan behar ditugu, administrazio zentralak kupoaren legearekin bat egiten ez duen interpretazioa egin izan duelako", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea