Ekonomia -
Ostegunetik aurrera
LABek greba mugagabea deitu du Bediako Incoesa enpresan
Enpresa batzordearen iritziz, zuzendaritzak bi aldeen artean adostutako akordioa hautsi du. Kaleratutako langileak berriz hartzeko konpromisoa hartu zuen enpresak.
Incoesako enpresa batzordeak greba mugagabea deitu du urtarrilaren 17tik aurrera Bizkaiko Bedia herrian dagoen lantegian. LAB da enpresa batzordean ordezkaritza duen sindikatu bakarra, eta horren ustez, zuzendaritzak bi aldeek adostutako akordioa "hautsi du". Kaleratutako langileak berriz hartzeko konpromisoa hartu zuen enpresak.
LAB sindikatuko eta Incoesako enpresa batzordeko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Bilbon, zuzendaritzaren jarrera salatzeko eta berriz ere mobilizazioak egingo dituztela iragartzeko.
Salatu dutenez, langileen ordezkariekin abenduaren 28an adostutako akordioa hautsi du Incoesak. Enpresak hainbat konpromiso hartu zituen: duela gutxi kaleratutako 16 langiletatik 9 berriz enpresan onartzea, lau aurrejubilazio bideratzea eta negoziazio prozesu bat zabaltzea enpresaren bideragarritasunari eta hitzarmen kolektiboari buruz hitz egiteko.
Abenduaren 28an adostutako akordioari esker, langileek bertan behera utzi zuten urtarrilaren 2an hastekoa zuten greba mugagabea.
Incoesako enpresa batzordeko Juan Jesus Sanchez kideak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzan egitekoa zuten adiskidetze ekitaldia egin baino pixka bat lehenago jakin zuten enpresako Administrazio Kontseiluak akordioa ez sinatzea erabaki zuela, negoziazio mahaian parte hartu zuen enpresako kide baten eskutik.
Bestalde, Jonan Goñi LABeko metaleko arduradunak negoziazioaren bidea berriz zabaltzeko eskatu dio zuzendaritzari. Horren esanetan, hori egin ezean, lan gatazka areagotuko da. "Mobilizazioa eta borroka dira langileen eskubideak babesteko berme bakarra", gaineratu du.