Ekonomia -
Lan gatazka
Bizkaiko patronalak gasolindegietako eguneroko piketeak salatu ditu
CEBEK elkarteak elkarrizketa bideak irekitzeko eskatu die sindikatuei eta AEVECAR elkarteari.
CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak Bizkaiko gasolindegietako greba mugagabea izan du gaur hizpide. Piketeek egunero jarduten dutela eta geroz eta "ekintza bortitzagoak" egiten dituztela salatzeaz gain, grebarekin amaitzeko, hitz egiteko eskatu die sindikatuei eta AEVECAR Erregaien Txikizkako Saltzaileen Espainiako Elkarteari.
Ohar baten bidez jakinarazi duenez, Bizkaiko patronala probintzia mailako hitzarmen kolektibo baten alde dago. "Edonola ere, indarrean dagoen legedia errespetatu beharko da", esan du, eta, sindikatuak kontra egon arren, lan erreforma aplikatzearen alde agertu da.
Elkarrizketaren beharra azpimarratzeaz gain, CEBEKek piketeen eguneroko jarduna kritikatu du, "horrek ez baitio mesederik egiten elkarrizketari", eta bide horretatik langileek ez dutela euren helburua (probintziako hitzarmen kolektiboa izatea) lortuko nabarmendu du.
CEBEKen arabera, elkarte horren baitan gasolindegietako enpresari txikiak ere badaude, eta "horien asmoa ez da inolaz ere Bizkaiko hitzarmen kolektiboa ez aplikatzea". "Konfederazio honen babesean dauden gasolindegi gehienak irekita daude, langileek ez dutelako grebarekin bat egin, baina zenbaitek ateak itxi behar izaten dituzte piketeen eraginez", gaineratu du.
Bizkaiko gasolindegiak abenduaren 20az geroztik daude greba mugagabean.