Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Biurrunek bankuen kontrol ezari mugak jartzeko eskatu dio legegileari
"Bankuak eta haien zuzendaritzak euren burua zigortzen egon beharko lukete", gaineratu du Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salako presidenteak.
Erredakzioa
Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salako presidentearen iritziz, etxegabetzeen kopuruan eta atzerapen-interesen kobrantzan izandako gorakadak Hipoteken Legea "jasanezina" dela eta erreformatu egin behar dela frogatzen du. Biurrunen hitzetan, bankuen "kontrol ezari" mugak jarri behar zaizkio.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Biurrunek aintzat hartu du Amurrioko epaitegi batek hartutako erabakia; hau da, banku eta kreditu erakundeek atzerapen-interesen inguruko klausulak indargabetzea, % 25 eta % 18 inguruko interesak zituztela eta "gehiegizkoak" zirela erabakita.
Magistratuaren arabera, Espainiako banku-sistema arautu duten legeak "ez dira nahikoa izan, hori argi eta garbi dago" euren ekintzak kontrolatzeko orduan. Horren adibide, "mailegu hipotekarioen kopuru handia", inguruko herrialdeekin alderatuta handiena, nabarmen, eta familien zorra "mugarik gabe" handitu duena.
Kontrol ezaren beste adibide bat lehentasunezko akzioak "herritar errugabeen artean" banatu izana da.
"Euren burua zigortu beharko lukete"
Hori dela eta, Garbiñe Biurrunen iritziz, "bankuak eta haien zuzendaritzak euren burua zigortzen egon beharko lukete", eta egindakoen ardura onartu beharko lukete.