Ekonomia -
Gobernuaren erabakia
Bankiako lehentasunezko akzioen bezeroentzat arbitrajea sustatuko dute
"Praxi txarra" egon daitekeen kasu gorienetan sustatuko dute neurria. Horretarako, erkidegoetako kontsumo agintaritzarekin elkarlanean arituko direla iragarri du ministroak.
Erredakzioa
Gobernuak Bankiako lehentasunezko akzioen bezeroentzat arbitrajea sustatuko duela iragarri du Luis de Guindos Ekonomia ministroak Kongresuan.
Arbitrajea "kasu gorienetan" ezarriko dela azaldu du, "praxi txarra edo bezeroak produktua ulertzeko gaitasun eza zutela erakusten den kasuetan".
Novagalicia eta Catalunya Bank banketxeek dagoeneko arbitrajera jo dute euren bezeroetako batzuek inbertsioaren zati handiena berreskuratzeko aukera zabaltzeko.
Gobernua "arazoaren jakitun" dela azpimarratu du De Guindosek.
Lehentasunezko akzioen edo Estatuaren esku dauden entitateen menpeko zorraren inbertitzaileek betez beste inbertsioaren % 60 berreskuratu ahal izango dutela esan du Ekonomia ministroak.
Hala ere, arbitrajearen bidez bezeroetako batzuek inbertsioaren zati handiena lortu ahalko dute, Europako kideek Espainiako bankuei laguntzak emateko jarritako baldintzak direla eta orain arte ezinezkoa zirudien aukera.
Arbitrajea Novagalicia Caixa eta Catalunya Bank entitateetan "antzeko irizpideak" erabiliz egingo dela iragarri du."Prozesu hau azkarra da, eta kostuetan abantailak ditu.
Erkidegoetako kontsumo agintariekin elkarlanean egingo dugu. Horiek ebatziko dituzte arbitraje kasuak, baina lehenago aholkulari pribatu batek praxi txarra izan duten kasuak hautatuko ditu", azaldu du ministroak.