Ekonomia -
Gabonetako ordainsaria
Ortuzar: 'Ekaineko ordainsaria aurreratzea aukeran formula onena da'
Patxi Lopezen Jaurlaritzaren kontuak gainbegiratzeko, kanpoko ikuskaritza bat eskatuko dutela azaldu du.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren Bizkaiko presidentearen iritziz, ekaineko aparteko ordainsaria urtarrilera aurreratzeko Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak harturiko erabakia "aukeran, formula onena" da.
Onda Vasca irrati katean adierazi duenez, Jaurlaritza berriak Gabonetako ordainsaria ematea "aztertuko du", "aurreko Jaurlaritzatik jasotako auzia, eta aukeran, konponbide onena aurreratzea da"
EAJ Gabonetako aparteko ordainsaria kentzearen aurkakoa dela berretsi du, soldata murriztea dela uste baitu, baina "batzuen eta besteen artean egoera honetara iritsi gara, eta orain irtenbideak bilatu behar dira", esan du.
Gipuzkoako Aldundiak harturiko erabakiaren inguruan (aparteko soldata eman du), "gardentasunaren aitzindari direnak, ez dira oso gardenak izaten ari gai honetan, ez baitakigu nola ordaindu duten", kritikatu du Ortuzarrek.
Azkenik, Patxi Lopezen Jaurlaritzaren kontuak gainbegiratzeko kontu-ikuskaritzako kanpoko zerbitzua jartzeaz mintzatu da. "EAJren asmoa ez da ezer aurpegiratzea, Jaurlaritzaren kontuak nola dauden jakitea baizik", adierazi du. Halaber, "gauzak esaten duten moduan utzi badituzte, ez lukete beldurrik izan behar", gaineratu du.