Ekonomia -
Funtzionarioak
Gipuzkoako Aldundiak Gabonetako aparteko ordainsaria eman du
Ostegun arratsaldean jaso zuten Aldundiko langileek Gabonetako aparteko ordainsaria.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak Gabonetako aparteko ordainsaria eman die dagoeneko bere langile publikoei. ELA sindikatuak gaur jakinarazi duenez, ostegun arratsaldean egin zuen ordainketa Aldundiak.
Martin Garitano ahaldun nagusiak prentsaurrekoa emango du eguerdian horren inguruko azalpenak emateko.
ELAk goraipatu egin du Aldundiaren jarrera, Espainiako Gobernuak paga hori ez ordaintzeko uztailean eman zuen aginduari "aurre" egin diolako.
Rajoyren Gobernuak epaitegietara jo lezake
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak ostiral honetan ohartarazi duenez, auzitegi konstituzionalera joko dute administrazioaren batek Gobernuak Gabonetako ordainsariaren gainean emandako agindua betetzen ez badu.
Gipuzkoako Diputazioak soldatarekin batera osagarri bat eman die langileei. Kazetariek Gipuzkoako Diputazioak hartutako erabakiaz galdegin die Espainiako Gobernuko bozeramaileari, eta adierazi duenez, auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea jarriko dute, Garitanoren gobernuak Gabonetako ordainsaria ordaintzeko debekua urratu badu.