Krisi Ekonomikoa -
Lan-erregulazioko txostena
Kaleratzeen gaineko aurreakordioa onartu dute Gamesako langileek
Horren arabera, aurreikusi baino 150 kaleratze gutxiago izango dira Gamesan (guztira 330). Enpresa hasi da langileei kaleratuak izango direla jakinarazten.
Erredakzioa
Ostegun honetan bozketa eguna izan dute Gamesako lantegietan; izan ere, atzo zuzendaritzak eta sindikatuek kaleratzeen gainean lorturiko aurreakordioari buruzko iritzia eman dute gaur langileek.
Sindikatuek jakinarazi dutenez, erreferendumean parte hartu dutenen % 73,21ek aurreakordioa sinatzearen alde bozkatu dute.
Aurreakordioaren arabera, aurreikusi baino 150 kaleratze gutxiago izango dira Gamesan. Hasiera batean 480 langile kaleratzea proposatu zuen zuzendaritzak, eta akordioaren ondotik, 330 izango dira kaleratuak azkenean. CCOO, UGT eta CIGA sindikatuek onartu egin dute behin-behineko hitzarmena, ez, ordea, ELAk.
Enpresa hasi da langileei kaleratuak izango direla jakinarazten, ''modu informal batean'', sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez. Berez, hilaren 21ean geratuko dira kalean, eta bi egun aurretik jakinarazi beharko die enpresak kaleratzea, ofizialki.Galdeketaren datuak
Lan-erregulazioko txostenaren eragina jasaten ari diren langileen % 67,49k parte hartu dute bozketan. Orotara, 1702 langilek parte hartu dute, eta horietatik % 73,21ek aurreakordioaren alde bozkatu dute. Sindikatuen arabera, aldeko botoa nagusitu da lantegi guztietan.
Gaur arratsaldean sinatuko dute akordioa Gamesako zuzendaritzak eta sindikatuek Madrilen.
Akordioari buruzko xehetasunak
Hitzarmena lortzeko, hainbat kontutan amore eman behar izan dute sindikatuek: langileek adostutakoa onartzen badute, 2013an soldatak izoztu egingo dizkiete; 2014ko eta 2015eko soldatak igo ala ez erabakitzeko, Negozio Planaren hainbat parametro hartuko dituzte kontuan; eta, 2015era bitartean, antzinatasuna izoztu egingo diete.
Tarte horretan, antzinatasuna pilatu egingo dute langileek, baina ez dute kobratuko, 2016. urtera arte, gutxienez.