Krisi Ekonomikoa -
Gabonetako saria
Nafarroak ez du Gabonetako ordainsaria emango
Foru Gobernuak adierazi duenez, urtarrilaren 3an langile publikoek 2013ko uztaileko aparteko soldata jasotzea espero du.
Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak Estatuaren agindua beteko du eta ez die Gabonetako aparteko soldata ordainduko Nafarroako funtzionarioei. Hala ere, urtarrilaren 3an langile publikoek 2013ko uztaileko aparteko soldata jasotzea espero du.
Uztaileko aparteko ordainsaria urtarrilean "emateko moduan" egongo direla uste du Nafarroako Gobernuak, Javier Morras Presidentzia, Justizia eta Barne kontseilariak prentsaurreko batean azaldu duenez.
Izan ere, Morrasen esanetan, Gabonetako ordainsaria eman gabe "gastuak murrizteko Erret Dekretuaren helburua betearaziko dugu" eta, uztaileko saria aurreratuta, "ez dugu legerik urratuko".
Gainera, ordainketa aurreratzeak ez du "2013ko aurrekontuetako gastua handituko" eta "Nafarroak Funtzio Publikoaren eskumena duenez, ez dago helegitea aurkezteko arrazoirik", gaineratu du kontseilariak.