Ekonomia -
Akordiorik itxi ez badute ere
Urtarrilaren 7ra arte ez dute grebarik egingo Iberian, negoziatzeko
''Berehala'' bitartekaritza lanak egiteko eskatuko diote enpresan ordezkaritza duten sindikatuek Bitartekaritza eta Arbitraje Zerbitzuari.
Erredakzioa
Iberia hegazkin konpainian ordezkaritza duten UGT, CTA Vuelo, CCOO, USO, Asetma eta Sictpla sindikatuek negoziatzeko deia egin diote enpresako zuzendaritzari. Sindikatuek ohartarazi dutenez, negoziazio horietan akordiorik ez balego, urtarrilaren 7tik aurrera greba deialdi berriak egingo dituzte.
Iberiako langileek atzo jakinarazi zutenez, Gabonetarako deitu zituzten sei greba egunak bertan behera utzi dituzte, konpainiarekin akordiorik lortu ez duten arren. Hegazkin konpainian berregituraketa plan bat gauzatu nahi du, eta horren baitan, 4.500 langile kaleratu. Berregituraketa horren harira, deitu zituzten orain bertan behera gelditu diren Gabonetarako greba deialdiak.
Antonio Escobar Sictpla sindikatuko presidenteak adierazi duenez, “su-etena” izango da abenduan: “Abendurako su-etena iragarri dugu, eta zuzendaritzari elkarrizketarako deia egiten diogu. Urtarriletik aurrera, kontua bideratzen ez bada gatazka egoera baten aurrean egongo gara berriz ere”.
Escobarrek iragarri duenez, akordiorik ezean, urtarrilaren 7tik aurrera greba deialdi berriak egingo dira. Grebara jotzeko egunaz galdetuta, Bitartekaritza eta Arbitraje Zerbitzuari egun bat zehaztu behar zaiolako egin dutela adierazi du.
“Herritarrak lasai egon daitezke gaurtik urtarrilaren 7ra bitartean. Grebarekin hasteko aurreikusitako gutxi gorabeherako eguna da hori; izan ere, bitartekaritza eskatzeko beharrezkoa da egun bat zehaztea”, gaineratu du.