Ekonomia -

Akatsa

Funtzionarioek jasotako dirua itzultzeko agindua eman dute bankuek

Ipar Kutxak eta BBVAk gaur bertan ordaindu diete Gabonetako ordainsaria eta abenduko soldata 2.500 funtzionariori. Ondoren, ordaindutakoa langileen kontuetatik erretiratzen hasi dira.

Ipar Kutxa. Argazkia: EITB
Ordaindutakoa kendu egin diete aparteko ordainsaria jaso dutenei

01:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez, Euskadiko 2.500 funtzionariok gaur jaso dute Gabonetako ordainsaria, bi finantza erakundek egindako akats baten ondorioz. Gaur bertan, Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du Mariano Rajoyren Gobernuak EAEko funtzionarioen aparteko ordainsaria ordaintzeko erabakiaren aurka aurkeztutako helegitea. Horrela,  Jaurlaritzak ordainsaria ordaintzeko emandako agindua bertan behera gelditu da. Erabakiak 67.000 langile publikori eragingo die.

Patxi Lopezen Gobernuak jakinarazi duenez, atzo bertan agindu zuen ordainsaria hilaren 19an ordaintzeko eta hurrengo egunean dirua langileen kontu korronteetan sartzeko.

Ipar Kutxa eta BBVA finantza erakundeek, ordea, gaur bertan ordaindu diete aparteko ordainsaria eta abenduko soldata nomina helbideratuta duten langile publikoei. Gobernuaren arabera, "akats bat egon da aginduaren interpretazioan".

Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 2.500 funtzionariok jaso dute jada aparteko ordainsaria.

Hasi dira ordaindutakoa itzultzeko agindua ematen

Ordu batzuk geroago, bi finantza erakundeak hasi egin dira langileei ordaindutakoa kontuetatik erretiratzen. Sindikatuek ere baieztatu egin dute ordainsariaren ordainketa kentzen hasi direla.

Halaber, bi erakundeek argitu egin dute ordainketa egin izana ez dela euren akatsa izan.Nortzuk jaso dute ordainsaria?

Nominak helbideratuta dituzten ertzainek eta Osakidetzako langileek jaso dute gaur goizean, langile publiko horiek eurek adierazi dutenez.

Halaber, UGT sindikatuaren arabera, soldataren aurrerapena eskatu zuten langile publikoek ere jaso dute dirua."Itzuli egin beharko al dut ordainsaria?"

Idoia Mendia jarduneko bozeramailearen hitzetan, behin ordainketa eginda ezingo da diru hori berreskuratu, esaterako, 2013an langile publikoei soldata bat gutxiago emanda; izan ere, "ordainsari bakoitza aurrekontu bati dagokio".

Ebazpena EAJ buru izango duen hurrengo Jaurlaritzaren esku gera liteke, eta gerta liteke behin aparteko soldata ordaindu ondoren hurrengo Jaurlaritzak berau itzuli behar izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea