Krisi Ekonomikoa -
283 kaleratze
Manifestazio jendetsua Iruñean Gamesako enplegu-erregulazioaren aurka
"Gamesak kaleratzeak proposatu ditu. Langileek, irtenbideak" lelopean, ehunka lagun manifestatu dira Gamesak Nafarroan proposatutako 283 kaleratzeen aurka protestatzeko.
Erredakzioa
Ehunka lagun manifestatu dira gaur Iruñeko kaleetan 283 langile kalean utziko dituen Gamesak proposatutako enplegu-erregulazioaren kontra protestatzeko. Manifestariek eguerdi aldera abiatu dute martxa, "Gamesak kaleratzeak proposatu ditu. Langileek, irtenbideak" lelopean. CCOO, ELA eta UGTko ordezkarien arabera, 2.000 lagun inguru izan dira bertan. Manifestazioaren amaieran, Gamesako langileek deitutako bi greba-egunekin bat egitera animatu dute, mobilizazioa "ezinbestekoa" delako.
Patxi Pierolak (CCOO) eta Txema Liberalek (ELA) agiria irakurri dute, gaztelaniaz eta euskeraz, hurrenez hurren. Honen arabera, "langileek lan-eskubideen murrizketa onartuz gero, Gamesa 150 langile gutxiago kaleratzeko prest dago". "Lanpostua mantenduko dutenek kaleratzeak ordaintzea nahi du Gamesak", salatu dute ordezkari sindikalek.
Langileek, berriz, saritutako bajak proposatu dituzte, kaleratzeekin alderatuta, enpresak diru kopuru handiagoa aurreztuko lukeelakoan. Ondorioz, "negoziaziorako jarrera aldatzeko" deia egin diote Gamesako zuzendaritzari.