Nafarroako kutxa auzia -
Ikerketa batzordea
Espainiako Bankuaren txostenak eta ANren autoak eskatu ditu UPNk
Bestalde, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuaren presidenteak, Miguel Sanz presidente ohiak eta Enrique Goñi Nafarroako Kutxaren zuzendari nagusi ohiak agerraldia egitea proposatu du PSNk.
Erredakzioa
Nafarroako Kutxaren ikerketa batzordeko markoan aztertzeko dokumentazioa eskatu du UPNk gaur. Eskaera Nafarroako Parlamentuan aurkeztu du UPNk.
Bestalde, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuaren presidenteak, Miguel Sanz presidente ohiak eta Enrique Goñi Nafarroako Kutxaren zuzendari nagusi ohiak ikerketa batzordean agerraldia egitea proposatu du PSNk. Era berean, Espainiako Bankuko eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionaleko ordezkariek agerraldia egitea eskatu du.
Besteak beste, Espainiako Bankuak 1998-2011 aldian egindako jarraipen txostenak, Nafarroako Kutxaren 2001-2011 aldiko kontu-ikuskapenen txostenak eta 2010eko martxoan Nafarroako Kutxaren Batzar Nagusian izandako parte-hartzaileen zerrenda eta aktak eskatu ditu UPNk. Batzar horretan Nafarroako Kutxaren eta Banca Civicaren arteko bat-egitea onartu zuten.
Lanerako egitasmoak
Ikerketa batzordeak bilera egin behar du ostegunean, alderdi politikoek astearte honetan aurkeztu beharreko lanerako egitasmoak aztertzeko. Horrela, lana antolatuko du batzordeak.
Era berean, 2014ko ekainaren 12ko eta 2014ko uztailaren 23ko autoen kopiak bidaltzeko eskatu dio UPNk Auzitegi Nazionalari. Bi autoetan Banca Civicako ikerketa artxibatzea erabaki zuen ANk.