Nafarroako kutxa auzia -
Auzia artxibatu dute
Gorenaren independentzia zalantzan geratu dela uste du Kontuzek
''Auzitegietako borroka hasi baino ez da egin'', esan du elkarteak ohar batean, eta Sanzen eta Goñiren kontra Auzitegi Nazionalean abiatutako izapideek aurrera jarraitzen dutela azpimarratu du.
Erredakzioa
Yolanda Barcina presidentean kontra zein Jose Blanco eta Jaume Matas politikarien inguruan irekitako auziak artxibatu izanak Auzitegi Gorenaren independentzia ''zalantzan'' jartzen duela uste du Kontuz elkarteak. UPyD alderdiarekin batera, Nafarroako Kutxako dieten auzian herri akusazio gisa aritu da elkartea.
Kontuzek ohar batean adierazi duenez, Gorenaren ebazpen ''oso azkar'' horrek ''Justiziaren irizpide oinarrizkoenaren kontra'' egiten du. ''Argudio-urritasuna'' agerian uzteaz gain, ebazpenean ez da ageri ''edonolako oinarri juridikorik''.
Mari Paz Benito Iruñeko instrukzio epaileak plazaratutako azalpenak ikusita, ''harritu egiten gaitu Gorenaren ebazpenaren maila eskasa, hain maila altuko auzitegi bati ez dagokiona'', Kontuzek adierazi duenez.
''Auzitegietako borroka hasi baino ez da egin'', gaineratu du elkarteak ohar horretan, eta Miguel Sanzen eta Enrique Goñiren kontra Auzitegi Nazionalean abiatutako izapideek aurrera jarraitzen dutela azpimarratu du.