Nafarroako kutxa auzia -
Ekainaren 22an
Barcinaren dimisioa eskatzeko manifestazioa deitu du Kontuz! elkarteak
Yolanda Barcinaren dimisioa ez ezik, auzia Iruñean geratzea eta Madrilera ez eramatea eskatuko dute.
Erredakzioa
Kontuz! Elkarteak, Nafarroako Kutxako auziko herri akusazioak, "manifestazio handi bat" deitu du ekainaren 22rako, Yolanda Barcina presidentearen dimisioa eskatzeko eta auzia Iruñean geratzea aldarrikatzeko.
Golem zinemetatik aterako da 18:00etan, "Ustelkeriarik ez, CAN auzia hemen ikertzea nahi dugu, Barcina dimisioa" lelopean. Herritar, alderdi politiko, sindikatu, elkarte eta kultur eta kirol eragile guztiei egin diete manifestazioan parte hartzeko deia.
Patxi Zamora elkartearen bozeramaileak prentsaurrekoan esan duenez, "Nafarroako Kutxa kudeatu zutenek eragindako kalteak eta herritarrekiko azaltzen ari diren gutxiespenak" herritar guztiak batu beharko lituzke.
Ildo horretan, orain bost hilabete eta hamar egun "milaka lagun egia ezagutzeko atera ziren kalera", adierazi du, eta orain "orduan susmoa zena, epaile ausart bati esker eta Kontuz! elkartearen lanari esker egiaztatuta geratu da".
"Inork ez du dimisioa eman" adierazi du Zamorak "ebidentziak, dieta bikoitz eta hirukoitzak eta epaien irmotasuna gorabehera".
Barcina forupekoa izanik auzia Madrilera (Auzitegi Gorenera) joan daitekeelako kezkatuta azaldu da Zamora, eta "epaiketa hemen egitea da bidezkoena" aipatu du. Hala ere, auzipetzen duten tokian auzipetzen dutela ere, lan egiten jarraituko dutela ohartarazi du.
Azkenik, "Barcinak dimisioa ematea eta era horretan, forupeko izateari uztea" beharrezkoa dela esan du "beste herritar guztiak bezala, pribilegiorik gabe epaileen aurretik pasatzeko". Horixe eskatuko dute hain zuzen ere hilaren 22an.