Krisi Ekonomikoa -

Bizkaia

Mecanica Mallabi itxi dute, eta 81 langile kalean geratu dira

Langileak astelehenean bilduko dira, mobilizazioak adosteko. Asteartean, greba mugagabea abiatuko dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfa taldeak Mecanica Mallabi (Mallabia, Bizkaia) konpainia itxi du, eta, horren ondorioz, 81 pertsona lan gabe geratu dira.

LAB sindikatuak azaldu duenez, Mecanica Mallabiko zuzendaritzak astelehenean jakinarazi zion epaitegietatik likidazio autoa iritsia zela.

Sindikatu abertzaleak "ilun jokatzea" egotzi dio Alfa taldeko zuzendaritzari, likidazio eskaera "langileak abisatu gabe" aurkeztu zuelako.

"Talde honetako zuzendaritzak berriz ere erakutsi du pertsonak ez zaizkiola axola, zenbakiak baitute kezka nagusia", nabarmendu du.

Hori horrela, zuzendaritzaren "profesionaltasun eza" salatu du LABek: "enpresa hainbatetan ixten saiatu da, murrizketak egin ditu 180 langile zituen lantaldean eta ez du proiektu berririk lortu".

Sindikatuak gaineratu duenez, enpresak lortu zuen zorraren % 50 barkatzea, eta, hala ere, ordaintzen hasi behar zen egunean, "ez ordaintzea eta langileak kalean uztea" erabaki du. "Ez dute lotsarik", kritikatu du.

Mecanica Mallabiko langileak astelehenean bilduko dira, mobilizazioak adosteko. Asteartean, greba mugagabea abiatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Langabezia 2024 Zer gertatu da gaur Bizkaian? Lana Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea