Krisi Ekonomikoa -
Altzairuaren krisia
Zer da dumpinga eta altzairuaren krisia ulertzeko beste hainbat gako
Txina merkeegi saltzen ari da altzairua, ekoizpen kostua baino merkeago, eta horrek krisi sakona eragin du Europako sektore siderurgikoan.
David Perez | eitb.eus
Produktu bat ekoizpen kostua baino merkeago saltzea da dumping-a, eta jokabide desleialtzat jo ohi da nazioarteko merkataritzan.
Besteak beste, horren helburua da merkatuan eraginkortasun handiagoarekin lehiatzea, merkatuan kuota handiagoa lortzea edota lehiakideak desagerraraztea. Nolanahi ere, barne merkatuan soberakinak daudenean ere eman daiteke.
Munduko Merkataritza Erakundeak (WTO, ingelesez) ez du debekatzen dumpinga, baina gaitzesgarria irizten dio herrialde inportatzailearen sektore batentzat "kaltegarria edo mehatxua" izan daitekeenean.
Horregatik, WTOk baimena ematen die herrialde kaltedunei dumpingaren aurkako neurriak hartzeko.
Hori bai, horretarako frogatu egin behar dute dumpinga eman dela eta hura "kaltegarria edo mehatxua" dela, eta zehaztu egin behar dute zenbatekoa den prezio normalaren eta inportatutakoaren arteko aldea.
Oro har, inportatutako produktuari muga-zerga handiagoa ezartzea da dumpingaren aurkako neurri ohikoena, prezio "arruntera" hurbil dadin.
Txinako altzairuaren auzia
Nazioartean piztutako altzairuaren krisiak gogor astindu du Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE), eta, horren ondorioz, Sestaoko ACB itxi egin dute, behin-behinean.
Krisi horren kausa nagusia Txinaren esportazioak dira, prezio merkeegian saltzen ari baita altzairua. Zergatik? Gehiegi ekoizten ari delako, behar duena eta esportatu dezakeena baino askoz gehiago.
EAEren kasuan, elektrizitatearen prezioa ere hartu behar da kontuan, bertako enpresa siderurgikoek (gehien kontsumitzen dutenak) Alemaniakoek baino % 38 garestiago ordaintzen baitute argindarra.
Txinako altzairuari dagokionez, Asiako erraldoiak gainerako herrialdeek beste ekoizten du. Hain zuzen ere, urtean 1.200 tona ekoizteko ahalmena du (Europan, 150 milioi tona kontsumitzen dira urtero, eta Espainia txinatar esportazioen hirugarren bezero garrantzitsuena da).
Iaz, Txinak 804 milioi tona ekoitzi zituen, aurreko urtean baino % 2,2 gutxiago. Hala ere, 400 milioi tonako gainprodukzioa du egun, eta, hori dela eta, dagokiona baino % 35-40 merkeago saltzen du nazioartean. Horrenbestez, azken sei hilabeteetan 7.000 lanpostu galdu dira Europako sektore siderurgikoan, Altzairuaren Europar Elkartearen (Eurofer) arabera.
Geert Van Poelvoorde Euroferreko presidenteak azaldu duenez, AEBk "% 200"-eko tasak jarri ohi dizkio Txinako altzairuari, baina Europar Batasunak % 13-16koak soilik, atzemandako dumpinga % 60koa izan arren.
Gainera, Van Poelvoorderen ustez, Txinari "merkatu ekonomia" estatusa ematen bazaio, "guztiz biluzik geratuko gara". Zergatik? Zer esan nahi du horrek?
Txina WTOn sartu zenean, 15 urteko epea eman zioten "merkatu ekonomia" duen herrialde gisa onartzeko. Epe hori aurten bukatzen da, eta, azkenean estatus hori ematen badiote, aldatu egingo dira Europar Batasunak dumpingari aurre egiteko dituen lanabesak.
Politika Ekonomiaren Institutuak aurreikusi duenez, Txina merkatu ekonomiaren klubean onartzeak Europar Batasunean 3,5 milioi lanpostu galtzea ekarriko du, eta, ondorioz, barne produktu gordina 228.000 milioi euro jaitsiko da.
Zer neurri hartu ditu Europako Kontseiluak Txinaren
Txinaren dumpingak eragindako krisi globalaren harira, Europako Kontseiluak Asiako herrialde horretatik inportatutako hiru produktu siderurgikoren gaineko ikerketak jarri ditu abian, Europar Batasunean artifizialki jaitsitako prezioetan merkaturatu dituen edo ez argitzeko.
Ikertutako hiru produktuak hauek dira: hodiak, xafla lodiak eta beroarekin ijeztutako altzairu lauak.
Horrez gain, produktu siderurgikoen inportazioarekin lotuta, Europar Batasunak beste 37 ikerketa jarri ditu abian, eta horietako bederatzi amaitu gabe daude oraindik.
Ikerketak abiatzeaz gain, Txinatik eta Errusiatik ekarritako altzairuzko xafla lauen dumpingari aurre egiteko, behin-behineko zergak ezarri zituen Europako Kontseiluak. Txinako enpresek, adibidez, % 13,8 eta % 16 arteko zergak ordaindu behar dituzte; Errusiakoek, berriz, %19,8 eta %26,2 artekoak. Bruselak ez du baztertzen etorkizunean zerga horiek "atzeraeraginezko izaera" izatea.
Bestalde, Txinak iragarri du altzairuaren gehiegizko ekoizpena murrizteko asmoa duela. Horrenbestez, datozen bost urteotan 100 eta 150 milioi tona gutxiago ekoitziko lituzke, orain arte baino %12,5 gutxiago, hain zuzen ere.
Munduko Merkataritza Erakundearen (WTO) araudia kontutan hartuta, Europar Batasunak eskumena du beste herrialde batzuetatik inportatutako produktuen aurkako neurriak hartzeko, baldin eta frogatuta badago ekoitzitako prezioa baino balio baxuagoarekin sartu direla Europar Batasuneko merkatuan eta, ondorioz, industria komunitarioari kalte egiten diola.
Hala ere, Ameriketako Estatu Batuetan dumpingaren kontrako behin-behineko neurriak hartzeko 45 egun behar dituzten bitartean, Europar Batasunak 9-14 hilabete behar ditu horrelako neurriak indarrean jartzeko. "Horrek gure industria akabatzea dakar", ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak.