Krisi Ekonomikoa -
Txosten ekonomikoa
NDFk murriztu egin du nazioarteko hazkundearen aurreikuspena
Nolanahi ere, baztertu egin du "atzeraldi globalik" gertatzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nazioarteko ekonomia uste baino gutxiago haziko da aurten eta hurrengo urtean, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) ustez. Izan ere, bi hamarren jaitsi du 2015erako eta 2016rako aurreikuspena, % 3,1era eta % 3,6ra, hurrenez hurren.
NDFk hainbat kausa aipatu ditu hazkundearen moteltze hori azaltzeko: ekoizpena gutxi hazi dela, inbertsioak eta eskaintzak behera egin dutela, biztanleak zahartzen ari direla, Txinako eredu ekonomikoa aldatzen ari dela eta lehengaien prezioa merkatu egin dela.
"Aurreikuspen berriek beheranzko joeran zuzendu dituzte hazkunde tasak herrialde guztietan", azaldu dute NDFtik.
Nolanahi ere, Maurice Obstfeld erakundeko ekonomialari buruak baztertu egin du "atzeraldi orokorra" gertatzea, baina hazkunde "indartsua eta nazioartean sinkronizatutakoa" ere "zaila" izango dela gaineratu du.
Eurogunearen kasuan, hazkundea % 1,5ekoa izango da aurten, eta % 1,6koa hurrengo urtean, hau da, NDFk eutsi egin dio 2015erako aurreikuspenari, eta hamarren bat murriztu du 2016koa.
Espainiari dagokionez, ez du defizit helburua beteko ez aurten ez datorren urtean, NDFren aurreikuspenen arabera.